Uda-udazkeneko muga-mugan
Udako azken feria izan zen atzokoa, arratsaldean sartu baikinen udazkenean. Mahai gainak udazkenez janzten ari dira. Intxaur eta hur urte ona da aurtengoa.
Naturari erreparatuz gertakari asko gertatu ziren atzo. Atzo sartu ginen udazkenean 19:21ean, beraz udako azken ordutan egin zen atzoko merkatua. Ekinozio garaian ere bagaude alegia, oraintxe ditugu egunak eta gauak iraupen berekoak, egunetik egunera ilun orduak nagusitzen joango dira abendura bitartean. Eta ilargia bete-betean. Magia bailitz naturaren legea.
Ikusi eta ikutu daitezkeen gaietara pasatuz barazkiak eta frutak aipagai hasteko. Mahai gainak udazkenez janzten. Tomateak eta piperrak oraindik eder eta ugari. Eta aldi berean geroz eta aza familiakoen aukera handitzen. Atzo garaiko lehen lonbarda aza morea ekarri zuten 1,20-1,30 euroan bakoitza.
Kalabaza edo kuia gehiago ere bai, atzo kakahuete izenez ezaguna dena ikusi genuen (Butternut squash-Cucurbita moschata) Caparrosokoen (Nafarroa) postuan, lehendik tronpeta da potimarroi ere ba zeuden postu dezentetan.
Txurgalduta hur asko
Hitz berria ere ikasi dugu: txurgaldu, bilduta egon ohi direneko azaletik libratzea alegia, edota sokana (intxaurren kasuan) galdua. Hur, intxaur eta sagar urte ona aurtengoa. «Txurgalduta hur eta intxaur asko jaso dugu lurretik aurten», zioten Ataungo Zurutuza ahizpek, «gutxitan bezala».
Sagar klase berriak ekarri zituzten atzo ere, jatorrizko izenez identifikatzea zaila bada ere, kiloa 1,5-3,5 euro artean. Postu askotan mota ezberdin asko daude, errezila, urezta, jonagold, junbo, topak, udare sagarra izenekoa ere atzo ekarri zuen Gabiriko Oñatibi txikiko Elosegi. Aurtengo sagar zukua ere salgai du 3,5 euroan litroa. Garaiz izan arren, tipulin landarean ere hasi dira.
Usain gozoa erakargarri
Usaina baino publizitate hobea zaila. Joan zen astean aipatu bezala, piperrak erretzen hasi zen J.L. Amatrian, Edurne Goikoetxea lagun duela. Piko motakoekin hasi zen, aste honetan najerakoa eta pikillo ere bazituen. Zortzi bat astez han izateko asmoa du, Etxeberria dendaren (itxia orain) kantoian.
Taldeen bisitak azokan
Hasi dira taldeak Ordiziako azokara etortzen. Askoren jakinmina piztu zuten goizean goizetik zebiltzan gazteek, Erasmus+ programaren barruan Jakintza ikastolakoekin harremanetan diren Batxilergoko lehen mailako frantziarrak eta txekiarrak ziren azokan bisitari.