Baloi txikiak eta ateak, Antzizarren bueltan
Eskubaloia Antzizarrera itzuli da. Kimu mailako gazte talde bat eskubaloian jokatzen ikasten ari da. Talde bat osatzea baino, kirola ezagutzea da helburua. Astean bitan elkartzen dira.
Gazte talde bat astean bi bider Antzizarrera eskubaloian jokatzera joaten da, Beasainen talderik egon ez arren. Ikasten ari dira: baloia nola hartu, nola bota, urrats-zikloa nola egin… Hori da helburua, ikastea, taldea sortzea baino.
BKLren eskubaloi taldeak jokatu zuen azken partidatik hamaika urte joan dira. Ordizian eta Ormaiztegin talde indartsuak egonda, eskubaloian jokatu nahi zuten beasaindarrek gora edo behera jotzen zuten; azkenean, Beasaingo taldea desegin egin zen. Zaletasunak, ordea, bertan dirau.
Josu Sarriegi da zale horietako bat. Eskubaloian jokatutako beste lagun batzuekin batera, ikasitakoa gazteei erakusten dabiltza. 2008 eta 2009 urteetan jaiotako gazteei hurbiltzeko deia egin die. Astelehen eta ostegunetan entrenatzen dute, 19:00etan. Talde mistoa da, neskek eta mutilek batera jarduten dute.
Sarriegik azaldu du ez dela lehen aldia eskubaloi eskolak antolatzen dituztela, arrakasta ezberdinarekin. «Duela urte batzuk eskola kirolarekin koordinatu genuen, eta gazte asko etorri ziren», gogoratu du. Jendeari gustatzen zaiola esan nahi du horrek, baina jarraipena ematea kostatzen zaie. Aurten denboraldi hasieratik hasi dira elkartzen.
Sarriegik ez du itxaropen handirik BKLren eskubaloi sekzioa berriz lehiatzen hasiko denik, ez behintzat berehalakoan. Halere, gustatuko litzaioke herriko gazteek eskubaloian jokatzeko aukera izatea, kanpora joan beharrik gabe.