Baluren esku-hartzea
Bartzelonan bizi den Balu artista ormaiztegiarrak 'Eskuartze' erakusketa ireki du Ormaiztegiko Gizarte Etxean. Zubipeko fatxadan egindako bi horma irudiak gaur aurkeztuko ditu jendaurrean, 18:30ean.
Balu artista ormaiztegiarrak ‘Eskuartze’ erakusketa ireki du Ormaiztegiko Gizarte Etxean. Artistak azken urteetan egindako lanak dira eta azaroaren 28ra arte egongo da ikusgai bertan. Azken astean Zubipeko fatxadan egindako bi horma-irudiek osatzen dute erakusketa: tren geltoki zaharra eta bainuetxea irudikatu ditu ‘stencil’ edo geruzen teknika garatuz, eta gaur aurkeztuko dizkie herritarrei, 18:30ean.
“Koloreak bata bestearen gainean jarrita, kolore planoekin bolumena” lortzea du gustuko Baluk, eta geruzez gain, testuinguruarekin ere egiten du lan. Testuingurua izan da, hain zuzen ere, horma-irudien abiapuntua. Jon Enrique Galarza alkateak azaldu duenez, “udalak bazeukan memoria historikoa berreskuratzearen proiektua, konkretuki bainuetxearen inguruan, eta aukera egokia iruditu zitzaigun Balurekin horma irudia egitea”. Tren geltoki zaharra irudikatzeko argazkia ‘Ormaiztegi 1860-1970’ liburutik hartutakoa da, eta bainuetxeko irudia, aldiz, Juan Carlos Castro zarauztarraren bildumakoa, Zumalakarregi Museoak kudeatzen duena. “Bainuetxeak eta tren geltokiak bazuten izena, eta Baluk izana eman die”.
Ormaiztegiarra jaiotzez, txikia zela Beasainera joan zen bizitzera Balu, eta 16 urte daramatza Bartzelonan. Adierazi duenez, “sekulako ohorea” izan da Ormaiztegin horrelako artelana egin izana: “Oso erraza izan da, ideia garbi genuen. Tokiaren eta artelanaren arteko erlazioarekin gainera hirugarren diziplina bat sortzen da, poesiarena”. Tradizioa eta garaikidetasuna artearen bidez bideratuta beste bide kultural edo artistikoa sortu daitekeela nabarmendu du.
Niko Osinalde Goiturreko zuzendariak proiektua aurrera eramateko udalak zein artistak egindako lana goraipatu ditu, eta turismo aldetik ere izan ditzaken onurak azpimarratu ditu: “Museoa herrian zehar sakabanatzea bezalakoa da, eta honek beste aukera bat ematen du”.