Bide Berdearen Eguna ospatuko dute igandean, Mutiloatik hasita
Mutiloako eta Ormaiztegiko udalek, Zumalakarregi Museoarekin, Goiturrekin eta Lemniskatarekin batera antolatu dute
Zumalakarregi Museoak, Ormaiztegiko eta Mutiloako udalekin, Goierri Turismoarekin eta Lemniskata Zientzia elkartearekin elkarlanean antolatu du Mutiloa eta Ormaiztegi lotzen dituen Bide Berdearen Eguna iganderako.
XII. edizioa izango da aurtengoa. Mutiloako plazatik 10:00etan abiatuta, Iñaki Mezkita Aranburu argazkilari naturalistarekin, bidean topatzen dituzten xomorroak identifikatu eta ezagutuko dituzte parte hartzaileek, Bizi ezkutua bisita gidatuan. Barnaola eta Liernira joango dira eta 13:30ean amaituko da, Mutiloan.
Plazak mugatuak direnez, parte hartu nahi dutenek aurrez izena eman behar dute Zumalakarregi Museora deituta (943 88 99 00) edo idatzita (mzumalakarregi@gipuzkoa.eus). Dohainik da igandeko ekimena.