Josetxo Imaz oroituko dute Ordizia, Beasain eta Lazkao arteko lasterketan
Txindoki taldeak 21. urtez antolatu du proba .Eskola kiroleko proba berreskuratuko dute eta Kilometroak festari keinu egingo diote .Oiarbide eta Arraiza dira helduen artean faborito
Pandemia garaian, herri mailako kirol jardunaldirik ez zenean, Josetxo Imazen omenezkoa izan zen, 16 hilabeteko etenaren ondoren jokatu zen lehenen lasterketa herrikoia. Iazko edizioa izan zen hori. Segurtasun neurri berezi guztiak eta gehiago hartuta egin zen. Probaren antolakuntza lanean ari den Txindoki Atletismo taldeko Angel Perezek gogoratu du, «irabazleei etxera eraman zitzaizkiela sariak, ezin zelako podiumik egon».
Aurtengorako, 21. ediziorako, egun gutxiren faltan, azken xehetasunak lotzen ari da Txindoki Atletismo Taldea. Igandean, Ordizian jokatuko da.
Aurreratu dute, iaz baino lasaiago datorrela segurtasun neurriei aldetik. Musukoen presentzia izango da, oraindik COVID-19 testuinguruan gaudela gogoraraziko duena. Gainontzean, nolabaiteko normaltasuna ekarriko du.
Izan ere, eskola kiroleko proba berreskuratuko dute. Altamira estadioaren barruan jokatuko da 10:00etatik aurrera eta ia 400 gaztetxok parte hartuko dute. Berezitasun bat izango da maila horretan; Beasaingo, Ordiziako eta Lazkaoko ikastolek urriaren 3an egingo duten Kilometroak jaiari keinu egingo diote, festa horretako elastikoa jantzita.
Jarraian, proba nagusiaren txanda izango da. 11:00etan abiatuko dira Altamiratik, 10 kilometroko zirkuitua osatzeko. Beasain eta Lazkao zeharkatuko dituzte, berriro Ordiziara bueltatzeko.
Proba irabazteko mutilean faboritoa da, iazko irabazlea Alexander Oiarbide ordiaziarra. Igandekoan ere parte hartuko duela baieztatu du, azken orduko zerbait ez bada behintzat. Eta nesken artean, Maite Arraiza lazkaotarra da faboritoa.