San Migel astebururako jarduera ugari antolatu dituzte Ormaiztegin
Balu artistaren erakusketarekin hasi eta igandeko Bide Berdearen Egunera arte, ekitaldi ugari izango dira; tartean harrikalari txapelketa eta umeentzako ikuskizuna.
Udalak, herriko eragileekin elkarlanean, hainbat kultur jarduera antolatu ditu San Migel egunaren harira. Gaurtik igandera bitartean arte erakusketetaz, musikaz edota toka txapelketaz gozatzeko aukera izango dute herritarrek. Igandean, XII. Mutiloa-Ormaiztegi bide berdearen egunarekin borobilduko dute asteburua. Gaur ekingo diote egitarauari: kiroldegian 18:30ean, Balu artistak fatxadan egindako bi horma irudiak aurkeztuko ditu. 17:00etatik 19:00etara, aldiz, parketarrak ekimenari lotuta, euskararen erabilera bultzatzeko jolasak egingo dituzte haurrek Urtxintxarekin.
Larunbatean, gizarte etxeko belardian, haurrentzako jokoak eta hamaiketakoa egingo dute, 10:30ean. 12:00etan, XXIX. toka txapelketa herrikoia izango da zubi azpian, eta 13:15ean XXV. harrikalari txapelketa herrikoia gizarte etxeko belardian. 12:00etatik 15:00etara txorixo pintxo herrikoia dastatu ahal izango da herriko tabernetan. Arratsaldean, berriz, Zubipe kiroldegian izango dira jarduerak. Zu eta ni sudurluze b’ haurrentzako ikuskizuna izango da 17:00etan, eta 19:00etan musika animazioa taberna ibilitaria taldearen eskutik. Azken bi horietan zein txapelketa herrikoietan parte hartu ahal izateko, izena eman behar da aurrez, kultura@ormaiztegi.eus helbidera idatzita edo 688 657 455 zenbakian whatsapp bidez.