Adineko pertsonei zuzendutako ekintza programa aurkeztu dute Ordizian
Aktibatu zaitez! goiburuarekin, arloka hiru ataletan banatuta dauden ekintza desberdinak antolatu dituzte Ordiziako Udalak, Zuhaizti gizarte zentroak, LA Caixa Fundazioak eta Majori kiroldegiak elkarlanean.
Ikasturte berrirako egitarau bete-betearekin dator Ordiziako Zuhaizti gizarte zentroa. Ainhoa Jimenez Ordiziako Udaleko Ongizate zinegotziak adierazi du, «dudarik gabe pandemiak ere erakutsi digun zerbait izan da ezinbestekoa dela adineko pertsonei zuzendutako ekintzak antolatzea, osasuntsu manten daitezen, bai fisikoki eta bai psikologikoki ere». Horren adibide da, atzo aurkeztu zuten Aktibatu zaitez programa, eta baita, iragan astean berrabiarazi zuten Goazen Ordizia ekimena ere.
Hiru atal
Hiru ataletan banatu dituzte ekintzak, eta ondorengoak izango dira bakoitzean garatuko dena. Kultur ekimenak eta jarduera fisikoa atalean, adimena lantzen, euskara eskola, jarduera fisiko lasaia, pilates, jarduera fisikoak kiroldegian eta erlaxazioa egingo dituzte, besteak beste.
Informatika eta komunikazioaren atalean, sarearen bidez komunikatzen, bideo deiak egiten eta beste teknologia berri batzuen funtzionamenduan sakonduko dute.
Azkenik, osasuna eta ongizatea lantzeko ikastaroak ere antolatuko dituzte.
Informazio osagarria eskuratu ahal izateko eta izena emateko deitu ondorengo zenbakietara: 657 791 813, 943 889 288 edo 688 822 329.