Herriak Elkarlanean GKEk laguntza eskatu du, laguntzen jarraitu ahal izateko
Herriko dendetan itsulapikoak jarriko dituzte donazioak jasotzeko; bonuak ere aterako dituzte. Jasotakoa Haitira bidaliko dute. Erakundea erreleboa bermatu ezinik dabil
Herriak Elkarlanean Gobernuz Kanpoko Erakundeak herritarren, administrazioaren eta enpresen laguntza eskatu du, Haitik bizi duen egoerarekin «oso kezkatuta» baitaude. Lehen ere kaxkarra zen egoerak «okerrera» egin duela ohartarazi dute, eta bertako herritarrak behar gorrian bizi direla.
Diru-bilketa egingo dute. Donazioak jasoko dituzte Bizum edo transferentzia bidez; herriko dendetan itsulapikoak ere jarriko dituzte. Dendariren batek parte hartu nahiko balu, gorka@herriakelkarlanean.org helbidera idatzi besterik ez du egin behar; bost, hamar eta hamabost euroko elikagai bonuak ere aterako dituzte.
Jeff Cherubin Domond fundazioak kudeatuko du jasotako dirua. Funtsean, lekaleak, olioa, arroza, pasta, ura… bezalako oinarrizko jakiak erosteko eta eskolak eta etxebizitzak eraikitzeko erabiliko da dirua. Jada badira hamar urte baino gehiago Goierritik laguntzaz beteriko edukiontzirik bidaltzen ez dutela, eraginkorragoa baita bertako kideek kudeatzea dirua, duten beharren arabera.
Gainera, Maria Agirre eta Leire Plazaola bozeramaileek atzo egindako prentsaurrekoan aitortu zuten erakundeak egun ez duela halakorik egiteko baliabiderik. Erreleboa bermatzeko zailtasunak dituztela aitortu zuten, eta aktiboki laguntzeko deia ere egin zuten. «’Ez dakit zertan lagundu dezakedan’, askotan iristen zaigun mezua da. Gogoa izanez gero, edozein gauza egin dezakegu».
Etenik gabeko zaparrada
Herrialdearen egoera larria dela behin eta berriz errepikatu zuten: behar ekonomiko handiak izateaz gain, naturak zuzenean erasaten die. Urakanak edota lurrikarak sarri izaten dituzte. Azkena, duela hilabete eskas, 7,2ko indarrarekin. Gainera, egoera politikoa gaiztotuta dago, eta gobernuak ez du indar nahikorik herrialdea gidatzeko. Ondorioz, etorkizunerako proiektuak gauzatzea ia ezinezkoa da.
Merkatu txikiak egingo dituzte urrian zehar
Herriak Elkarlaneanek Bidezko Merkataritza postuak jarriko ditu urrian zehar. Lehena, larunbat honetan bertan, Zubimusu plazan. Produktuak saltzeaz gain, Bidezko Merkataritzaren inguruko informazioa ere eskainiko dute; parrokiaren aurrean ere jarriko dute postua, urriaren 24an.
Egun horiez gain asteartero zabaltzen dute euren Bidezko Merkataritza denda. Kale Nagusian dute denda, 13. zenbakian. Langileen lan eta bizi baldintzak eta ingurumena errespetatzen dituzten produktuak saltzen dituzte, elikagaiak eta bestelakoak. Oraingoan elkartearen poltsak ere atera dituzte, hondakin gutxiago sortzeko.