La Palmako kaltetuen alde, material bilketa antolatu dute
Materiala Zumarragako Bidezar kaleko 7an jasotzen ari dira. Boluntarioak astelehenetik larunbatera egongo dira bertan, 09:00etatik 13:00etara
Urretxuar eta zumarragar talde batek material bilketa antolatu du, La Palmako (Kanariar Uharteak, Espainia) sumendiak eragindako kaltetuei laguntzeko. Materiala Zumarragako Bidezar kaleko 7an ari dira jasotzen (Sugela denda zegoen tokian): astelehenetik larunbatera, 09:00etatik 13:00etara.
Horra hor behar diren produktuen zerrenda: haurtxoentzako arropa, azpiko arropa, etxeko arropa (pijamak, oheko arropa, toallak…), galtzerdiak, higiene pertsonalerako produktuak (pixoihalak, konpresak, hortzetako eskuilak…), garbigarriak (zabor poltsak, baietak, fregonak, eskuilak, xaboi solidoak…), tuperrak, baxerak, kubiertoak eta edalontziak, pasta, arroza eta lekak eta animalientzako janaria.
Horretaz guztiaz gain, kartoizko kaxak behar dituzte jasotako materiala biltzeko. Horretan, bi herrietako merkatarien laguntza funtsezkoa izango da.
Produktu bilketa atzo hasi zen eta antolatzaileak oso gustura ageri dira herritarren erantzunarekin. Atzo goizean kaxa asko bete zituzten. Boluntario talde honek materiala Correosen laguntzarekin bidali ahal izango zutela uste zuen, baina ez da hala izango. Honela, inguruko garraiolariei laguntza eskatu diete materiala Madrilera eramateko.