Merkatariek dendak apaindu dituzte udazkenari ongi etorria emateko
Herritarrei eskerrak eman dizkiete hilabete gogor hauetan emandako babesagatik eta herrian erosten jarraitzera animatu dituzte. Udalek merkatarien ekarpena goraipatu dute
Bi-Tartean merkatari elkarteko kideek prentsaurreko bat egin dute ikasturte berriari ongi etorria emateko. Azken bi urteak gogorrak izan direla, baina asko ikasi dutela eta herritarren babesari esker zutik jarraitu dutela esan dute. «Elkargune soziala izan gara askotan. Iritzi eta ikuspuntu desberdinak entzun eta elkarbanatu ditugu. Oso egoera ohikoa izaten zen hori duela pare bat hamarkada herriko dendetan. Polita izan da», esan du Eli Aldamak elkarteko merkatari guztien izenean.
Merkatariek eta gainontzeko bizilagunek hobeto elkar ezagutzeko aukera izan dutela gehitu dute. «Elkar ikusten jarraitzea espero dugu. Orain zertxobait gehiago dakigu zuetaz, zuen beharrez, eta hauei erantzuna emateko prest gaude. Zuek ere, orain gehiago dakizue gutaz, eskaini dezakegun guztiaz».
Oporretatik lanerako gogoz itzuli direla esan du. «Oporretatik itzuli gara, beti bezain beharrezkoak, edo inoiz baino beharrezkoagoak. Eta zuen beharrak entzuten jarraitzeko prest gaude, elkarrekin hazteko, hemen egoten jarraitzeko. Zuri, behar izan zaitugunean hor egoteagatik, eskerrik asko. Eta ikasturte honetan? Gure ondoan jarraituko duzu?». Herriei bizia ematen jarraituko dute: dendetan argazkian ikus daitezkeen loreak jarri dituzte.
Udal ordezkariak
Jon Luqui Urretxuko alkateak merkatariak elkarrekin ikustea oso pozgarria dela esan du. «Jendea elkarrekin ikusteko beharra dugu, elkarrekin gauzak egiten. Eta bereziki pozgarria da zuek elkarrekin ikustea, asko sufritu baituzue pandemian eta lan handia egin baituzue. Eskerrik asko egin duzuen lanagatik. Aurrerantzean ere ahal dugun guztia lagunduko zaituztegu».
Rosa Maiza Zumarragako zinegotziak ere eskerrak eman dizkie. «Udalentzat oso garrantzitsua da elkarte bat egotea eta zuekin lan egiten jarraituko dugu. Egoera zaila bizi izan duzue eta indarrarekin itzuli zarete. Herritarrei ere eskerrak eman nahi dizkiet herrian erosteagatik. Herriak bizirik mantentzea guztion ardura da».
Bukatzeko, Natalia Moragilek hurrengo kanpainen berri eman du: urrian opariak egongo dira, azaroan bonuak eta abenduan Gabonetako kanpaina.