Patxi Zubizarretak irabazi du Lizardi Saria
Idazle ordiziarraren 'Zerria' narrazio lana saritu du epaimahaiak, haren "literatur maila" eta "estilo dotorea" azpimarratuta. Zubizarretak sari hori jasotzen duen bigarren aldia da.
Patxi Zubizarreta Dorronsoro idazle ordiziarrak irabazi du Zarauzko Udalak antolatzen duen Lizardi Sariaren 40. edizioa. Epaimahaiak haren Zerria narrazioa hautatu du, parte hartu duten lanen artean.
Castillo Suarezek, Kati Olaizolak eta Alex Gurrutxagak osatutako epaimahaiak, idazle ordiziarraren estiloa eta egitura osatua nabarmendu ditu: “Estilistikoki, testu dotorea da Zerria: kapitulu biribilak eta ederki josiak, irudi indartsuak, deskribapen interesgarriak… Eta, hori guztia, idazkera jori bezain gustagarrian emana”. Literatur maila azpimarratzeaz gain, epaimahaikoaren ustez “testuak aukera ematen du askotariko gaiak jorratzeko, interes handia izan dezaketenak 16 urtetik gorako gazteekin lantzeko: glaziarren ikerketa, gorpuen kontserbazioa, Junes Cazenave-Harigileren obra, Kanadako Nenana Ice Classic delakoa, eta abar luzea”
Zubizarretak berak ere gustura jaso du saria. Ez da Lizardi Saria irabazten duen aurreneko aldia, 1991. urtean ere saritua izan baitzen, Matias Ploff-en erabakiak lanarekin. “Orain dela 20 urte Lizardi Saria bideratu zidan Matias Ploffen erabakiak ipuinean bezala, abentura gogo berberarekin abiatu nintzen eta poztasun handia hartu dut, berriro ere, epaimahaiak lan hau inuksuit eta mugarri izendatu duelako, hain zuzen ere, Lizardi Sariak 40 urte betetzen dituen data seinalatu honetan”.
Sarituak 5.500 euroko saria jasoko du Zarauzko Udalaren partetik, eta beste 1.000 euro ere bideratuko dira, garailearen lana argitaratzerako garaian, liburuaren ilustratzaileari laguntzeko. Lizardi Sariaren 40. edizioaren sari banaketa datorren apirilaren 2an egingo da, Haur eta Gazte Liburuen Nazioarteko egunarekin bat eginez antolatuko den ekitaldian.