Ampo Ordizia errugbi taldeak kopa bat etxera ekartzeko ilusioarekin ekingo dio denboraldi berriari
Ampo enpresaren egoitzan, Idiazabalen, egin dute denboraldiaren aurkezpena. 2021-2022 denboraldia igandean hasiko dute, Bartzelonaren aurka, etxetik kanpo.
Errugbiko ohorezko mailako 2021-2022 denboraldia hastear da. Igandean, Bartzelonaren aurka jokatuko du Ampo Ordiziak. Arerio zaila izango da, iazko denboraldiko partida zailenetako bat, Bartzelonaren aurka jokatu zuten, hain zuzen ere. Arantza hori kentzera aterako da zelaira Ampo Ordizia, baina hori iritsi bitartean, denboraldi berriaren aurkezpena egin du klubak, lehen taldearen babesle nagusia den Ampo enpresaren egoitzan, Idiazabalen.
Ordizia Rugbiko lehendakari Iñaki Galparsorok, esker hitzekin hasi du agerraldia. «Oso pozik gaude aurkezpen hau Ampo-ren etxean egiten ari garelako berriro», eta gehitu du espero duela, «datozen urteetan ere horrela izatea, erronka oso politak ditugulako».
Iazko denboraldia, zentzu guztietan, «latza eta gogorra» izan zela gogoratu du Galparsorok, baina hori atzean uzteko garaia zabaltzen dela ere, «gauzak bide normal batean sar daitezela» da nahia.
Ampo enpresako lehendakaria Aritz Irastorzak hartu du hitza jarraian, eta erantzun du, «Ordiziako errugbi taldearekin bidaia, duela 14 bat urte hasi» zutela; «oso gustura ari gara bidaia honetan, talde kirolari dagokionez, maila oso ona daukalako eta erreferente delako Goierrin eta Gipuzkoan ere, eta gu, enpresa bezala, oso-oso identifikatuta sentitzen gara, Ordizia Rugbiren baloreekin eta duen grinarekin». Etorkizunera begira, elkarlanari eusteko asmoa erakutsi du Irastorzak. Azkenik, «zorte ona eta osasuna, disfrutatzea eta helburuak lortzea» opa die denei.
Kirol arloaren inguruan hitz egiteko Iñigo Marotias Ordizia Rugbyko kirol zuzendari berriak hartu du hitza. Iazkoak, «esfortzu handia» suposatu bazuen ere «nota onarekin» amaitu zutela gogoratu du. Orain, testuingurua desberdina denez, «berriro lehen egiten genituen gauzak egiteko aukera zabaltzen ari» dela, eta horregatik positibo agertu da Marotias.
Aste honetan, liga hasten da, eta helburuak «ondo finkatuta» dituztela nabarmendu du kirol zuzendari berria eta lehen taldeko entrenatzaile ere denak; «Gure nahia da final bat jokatu eta final hori irabaztea!». Horri dagokionez, gehitu du, nahiz eta liga hasierako kinieletan, faboritoen artean ez egon, oso-oso garbi duela, orain arte hala erakutsi dutelako, «edonori irabazteko gai» direla, eta hori horrela izanda, «kopa bat etxera ekartzea ere posible dela».
Momentuz, denboraldiko erronka eta desioa dena egia bihurtzeko «ahalegin guztiak» egiteko «konpromisoa» hartu du Marotiasek, eta baieztatu du «jokalariak ere» lerro berean daudela.
Esan bezala, denboraldi honetan, kirol zuzendari karguan ere arituko da Marotias, eta horren inguruan esan du, «ohore handia» dela, «ilusio handia» duela eta zer egin nahi duen eta zer ez «oso garbi» duela.
Bloke nagusia mantendu da
Denboraldi berriarekin, jokalari batzuei agur esan eta beste batzuei ongi etorria eman diete. Inkorporazio berriekin «taldeak behar zuena topatu» duela esan du Marotiasek, hala ere, «bloke nagusia mantendu egin da”, eta “etxekoak diren jokalariek ere jarraituko” dutela .
Entrenamenduei dagokienez, Marotiasek esan du, azken egunetako saioak ikustekoak direla; «jokalariak intentsitate oso altuan ari dira lanean, maila eta jarrera oso onarekin». Hori horrela izanda, poza agertu du.
Denboraldiaren aurkezpen agerraldian izan dira baita ere lehen taldeko kapitaina Julen Goia eta Valentin Cruz. Kapitainak nabarmendu du, klubak finkatu dituen helburuekin bat egiten duela aldagelak, eta bide horretan, igandean, lehen garaipena etxera ekartzeko asmoarekin, hortzak estutuko dituztela zelaian.
Azkeneko denboraldietan, taldearentzat pixuzko jokalaria izaten ari den Valentin Cruzek ere, aurrekoen lerrotik, esan du «orain arte bezala, taldearentzat puntuak gehitzeko lan egingo” duela, eta finkatutako helburuak lortzeko «taldea bat izanda errazagoa» izango dela.