Ordiziako txirrindularitzaren historiari errepasoa, 'Pedalkata batez' erakusketan
Iñaki Azantza argazkilariak Ordiziako azken 100 urteetako historiari errepasoa egin dio; bizikletak, elastikoak eta bestelako objektuak daude ikusgai, igandera arte. Bihar, Ritxar Gomezek 'Los crímenes de la vuelta del 83' liburua aurkeztuko du.
Txirrindularitza arloan tradizio handiko herria izan da Ordizia, eta egunotan, historia horri errepasoa egiten dion erakusketa izango da ikusgai. Iñaki Azantza argazkilariak azken 100 urtetako irudiak bildu ditu, eta horrekin batera, bizikleta, mailot edo elastiko, kartel zahar eta garai bateko erremintekin osatu dute erakusketa. Atzo egin zuten irekiera ekitaldia, besteak beste, Abraham Olano, Aimar Zubeldia eta Garikoitz Bravo txirrindulari ohiak bertan zirela. Igandera arte izango da ikusgai, goizez eta arratsaldez, Barrena jauregian.
Erakusketarekin batera, txirrindularitzarekin lotutako beste ekitaldi bat ere izango da egunotan, Ordizian. Ritxar Gomezek ‘Los crímenes de la vuelta del 83’ liburua aurkeztuko du berriz. Bihar izango da aurkezpen hori, 19:00etan, D’Elikatuz zentroan.