Jokin Telleriak irabazi du kaleko pintura lehiaketa
Arkatza elkarteak eta Legazpiko Udalak antolatuta, 19. Jose Martin Etxeberria kaleko pintura lehiaketa egin dute asteburuan. Jokin Telleria margolari beasaindarrak irabazi du.
Jokin Telleria margolari beasaindarrak irabazi du Arkatza elkarteak Legazpiko Udalarekin batera antolatuta, joan den larunbatean egindako Jose Martin Etxeberria kaleko pintura lehiaketa, 19. edizioa hain zuzen. Telleriak 500 euroko saria jaso zuen. Bigarren saria, 350 eurokoa, Kantabriako Alepio Ruanok irabazi zuen, eta hirugarrena, 200 eurokoa, Eibarko Esteban Orozek.
Urtebeteko etenaldiaren ondoren kalera itzuli den lehiaketak zazpi partaide izan zituen, baina batek ez zuen lana entregatu amaieran. Epaimahaia Es-ther Agirrek, Alberto Velascok eta Mattin Osinaldek osatu zuten, eta sari banaketa ekitaldian Koldobike Olabide alkateak eta Amaia Zaldua zinegotziak parte hartu zuten.
Hiru sari handiez gain, lehiaketa honek bazuen beste bat, herritarrek aukeratutakoa. Goizean zehar Legazpi osoan barreiatuta egindako lanak 14:00etan entregatu zituzten margolariek, eta ondoren ikusgai jarri zituzten udaletxe aurrealdean 17:00ak arte. Tarte horretan gerturatutako herritarrek bozka emateko aukera izan zuten. Guztira 86 bozka jaso ziren, eta sari hori aurrez saritu gabeko lanetako batentzat zenez, Idiazabalgo Iñaki Zabaletak irabazi zuen. Zabaletak 100 euroko saria jaso zuen.