Sarrionandia Ataungo irakurleekin solasaldian izan da
Bisita ilustrea izan zuten atzo Ataungo Otso Irakurleak taldekoek. 'Moroak gara behelaino artean?' liburuaz mintzatzeko hitzordua zuten. 'Sarri'-k hori jakin zuenean, eta lehenengo aldiz, irakurleen solasaldian parte hartu nahi zuela eta, Ataunen izan da.
Joseba Sarrionandia idazle bizkaitarrak espero eta iragarri gabeko partaidetza izan zuen, atzo, Ataungo Otso Irakurleak taldearen hileko literatura-solasaldian. Taldeko kideek baizik ez zekiten ‘Sarri’ etorriko zenik, eta atzo iluntzean San Martinen ibili zirenek harriduraz eta ezustean ikusi zuten idazlea.
Udako irakurgaitzat Sarrionandiaren Moroak gara behelaino artean? eduki dute Ataungo irakurleek. Pamiela argitaletxeko arduradun baten belarrietara iritsi zen hori, Joxe Begiristainek esanda. Hark Sarrionandiari komentatu, eta idazlearen nahia izan da Ataunera etortzea.
Ataun batean irakurleek bere liburuak irakurtzen dituztela eta, oso eskertuta agertu zen idazlea. Bi orduko solasaldia egin zuten harekin –irakurleekin egin duen lehenbizikoa zela aitortu zuen Sarrik berak–, batez ere Euskal Herriaz eta politikaz.