Lehen Zopazoka egingo dute gaur Seguran
Herritar talde batek Madura Elikagai Elkartea sortu du eta asteroko azoka berreskuratu dute. Ostegun arratsaldetan izango da, Errebote plazan. Bertako ekonomia eta zuzeneko salmenta bultzatu nahi dituzte.
Seguran asteroko azoka berreskuratu du herritar talde batek. Ostegunero izango da, Errebote plazan, 16:00etatik 19:30era, eta gaur izango da lehenengo azoka eguna. Ekonomia zirkularra, sukaldaritza eta produktu lokala ikastaroan parte hartu eta bertan bururatu zitzaien ideia. «Azoka baten proiektua sortu genuen teorikoki. Ikastaroa bukatu eta taldeak aurrera jarraitu zuen», azaldu du Judith Arruabarrena kideak. Madura Elikagai Elkartea sortu dute azoka kudeatzeko eta elikadura osasuntsuari lotutako beste hainbat jarduera antolatzeko.
Bertako ekonomia sustatzea eta kontsumitzailearen eta ekoizlearen arteko zuzeneko salmenta bultzatzea izango dute helburu. Aizkorpeko ekoizleekin egingo dute lan, baina Goierri eta Euskal Herri mailara ere zabaldu dute deia. Aizkorpe kanpoko ekoizleek ekologikoan ekoiztu beharko dute parte hartzeko, eta Aizkorpekoei denbora emango zaie ekologikora pasatu ahal izateko.
«Asteroko azoka xume bat izatea nahi dugu: barazkiak, gaztak, sagardoa, ogia, eztia…». Hitzaldiak, ikastaroak edo elikadura osasuntsua sustatzeko beste jarduera batzuk ere antolatzea aurreikusi dute.
Taldea zabalik dago. Parte hartu nahi duten ekoizleek zopa.azoka@gmail. com helbidera idatz dezakete.