Udazken Kultural, «potentea»
Udazken Kulturalak 40 bat ekintza izango ditu: antzerkia, erakusketak, musika eta dantza emanaldiak.... Marotok eta Goikoetxeak 'Balio Erantzia' aurkeztuko dute bihar
Udazken Kulturalak 40 bat ekintza izango ditu. Musika eta dantza emanaldiak, erakusketak, antzerki saioak, hitzaldiak, bisita gidatuak… izango dira, besteak beste. Leire Artola alkateak egitaraua «anitza» bezala deskribatu zuen aurkezpenean, «publiko eta perfil guztietara bideratua»; Xabier Matarranz kultura zinegotziak «potentea» dela gaineratu zuen.
Lehen jarduerak martxan daude. Josu Maroto margolariak atzo aurkeztu zuen Masala soul project liburua. Maroto Pakistanera joan zen, Omar lagunaren ezkontzara, eta bidaian egindako 30 marrazki jaso ditu. Lanekin egindako erakusketa astebete egongo da zabalik.
Ez da izango Marotoren erakusketa bakarra. Ekaitz Goikoetxearekin batera Balio erantzia aurkeztuko du; urriaren 8an, Ondarearen Europako Jardunaldien barruan antolatutako Burdingintzaren historia Beasainen erakusketa zabalduko dute, Igartzan. Ondarearen jardunaldiei lotuta Igartza bizi bisita gidatu-antzeztua egingo dute urriaren 16an.
Antzerkiak protagonismo berezia izango du. Besteak beste, Urrup konpainiak Larkspur lozioaren markesa eta Zapaldutako petunien kasua antzezlanak taularatuko dituzte; Vaya pack de Vascos obra ere etorriko da. Nerea Garmendia aktore beasaindarra dabil tartean.
Postal kolekzionista taldeak Bagoi hutsak lana aurkeztuko du etzi. Erauskin plazan izango da emanaldia, euririk egiten ez badu behintzat. Ez da gonbidapenik hartu beharko. Kalean izango diren emanaldietan sarrera librea izango da, edukiera bete arte. «Segurtasun neurriak betetzen jarraitu behar da eta eserita egon behar da. Ez badago tokirik, ez dago tokirik», eskatu zuen Matarranzek. Antton Valverde, Sin Mala Intencion eta Letoniako abesbatza nazionala izango dira musika arloko beste saio esanguratsuenak.
Txistu alardea eta Aurtzaka Dantza Taldearen emanaldia frontoira itzuliko dira, iaz Usurbe Antzokian egin ostean. Dantzakiren erakustaldia ere bueltan da. Urriaren 31n izango da, Gernika pasealekuko frontoian. Artolak zehaztu zuen herriko hainbat espazio, tartean Gernika pasealekuko frontoia, egokitu egingo dituztela ikuskizunak era seguruan egiteko. Ballet taldearen ikuskizuna izango da beste berritasunetako bat.
Atxipi elkarteak, lehengo Txilibutxofek, haurrentzako jolasak antolatuko ditu estreinakoz Udazken Kulturalean. Urriaren 23an izango da hori.
Klasikoei eutsi diete. Arrano Kultur Elkarteak antolatzen duen Jendaurreko Margo Sariketak 30. edizioa izango du; Errezil sagar, fritu eta barazki lehiaketak, berriz, 32.a. Matarranzek datua nabarmendu zuen, «sendotasuna» adierazten duelako.
Lehengoratzea
Udal agintariek herriko elkarteen laguntza eta parte hartzea eskertu zuten. «Udazken Kulturalaren filosofia betidanik izan da herriko elkarteen jarduna islatzea. Poliki-poliki hasiak direnez, prest daude herriaren aurrean azaltzeko». Argizpik, Atxipik, Aurtzakak, Arrano kultur elkarteak, Aizkorri mendizale elkarteak, Goizeresi txistulari taldeak, Goieniz zine klubak, Loinatz abesbatzak eta Beasaingo Odolki kofradiak hartuko dute parte Udazken Kulturalean. Era berean, Goikusen, Aldaberen eta parrokiaren kolaborazioa eskertu zuten.
Artolak Beasaingo Udalak kulturarekin duen konpromisoa azpimarratu zuen. «Pandemia aurreko dinamika berreskuratzea da gure helburua. Izan ere, kultur sektorea bera eta sektoreko profesionalak babestu nahi ditugu, krisi honen osndorioz egoera makurrean daudelako». Udal gobernuaren «ardatz estrategiko nagusienetakoa» dela gaineratu zuen.













