Urretxuko Udalak foro bat sortu du 65 urtetik gorakoentzat
Lehen bilera urriaren 6an izango da, 11:00etan, udaletxeko portaloian. Egitasmoaren helburua herritarrek beraien etorkizuna diseinatzea da
Udalak foro bat jarri behar du martxan, 65 urte beteak dituztenentzat. Lehen bilera asteazkenean izango da, 11:00etan, udaletxeko portaloian.
Foroaren helburua adineko pertsonek beraien etorkizuna diseinatzea da. Dinamizatzaile baten laguntzarekin, parte hartzaileek gai ezberdinen inguruan hausnartuko dute: nola nahi duten zahartu, etorkizunerako nahi duten zaintza eredua, beraien harreman sareak zeintzuk diren, sare berrien diseinua, aisialdirako aukerak, adinekoentzako programak…
Duela gutxi iragarri den yoga ikastaroa foro honen bitartez lor daitekeenaren adibide da. Izan ere, ikastaro hau foroan parte hartuko duten bizilagunetako batzuen ekimenez antolatu da.
Udalak herritarrak parte hartzera animatu ditu. «Orain arte, egitasmoak antolatu eta ondoren herritarrei gonbita luzatzeko joera nagusitu da. Hori ez da lan egiteko modu egokia. Egitasmoak elkarrekin diseinatu behar ditugu. Helburua herritarrek udalari beraien beharren berri ematea da, ondoren beraien beharrei erantzuna eman diezaiegun».
Bilerak hilean behin egingo dira eta bileretan parte hartzeko ez da izena eman behar. Gainera, ez da derrigorrezkoa bilera guztietara joatea.