Zaldibian kultura agenda hasiko da festarik egingo ez den egunetarako
Santa Fe jairik ez da ospatuko, eta egun horietan udalak ez du ekitaldirik antolatuko edo baimenduko. Udazkeneko egitaraua antolatu dute ordezko. 'Ez-festak' eragotziko dira
Koronabirusaren pandemia bukaerako argia ikusten ari dela dirudien honetan, udazkenean oraindik festa nagusiak ospatzerik ez da izango Goierrin. Zaldibian, Santa Fe jaiak datorren astean ziratekeen, baina bertan behera uztea erabaki zuten Festa Batzordean talde eta eragileek. Hala, egun horietan ez dute ekitaldirik antolatuko, eta udalak ez du besterik baimenduko. Lagun taldeen juntadizoak ere beste une baterako uzteko eskatu du.
Asteburu honetan jada giroa sumatuko zatekeen normalean, eta aiduru dira Zaldibian zer joera izango den. Hautsak harrotu ditu egoerak sare sozialetan, mezu trukaketa eta hausnarketa ugarirekin, erabakiaren ulermenaren eta festak egitearen aldekoen artean.
Herritarrei «bereziki arduraz» jokatzeko eta jende pilaketak saihesteko deia egin die udalak. Eusko Jaurlaritzaren biharko bileran neurriak arindu edo kenduko dituzten ikuskizun, oraingo arauei «eusteko» eskatu zuen udalak, lehengo asteko komunikatuan.
Ez-festa deituriko fenomenoa saihestu nahi dute. Kanpotik, festa egitera inor ez joateko deia egin du udalak, eta hainbat neurri hartuko dituela iragarri du. Horietako bat, Olaldeko parkea ixtea azken urteetako festetan ere itxita egon izan da gauetan, txikizioak gertatu zirenetik.
Tabernariek, beren aldetik, urriaren 8an eta 9an tabernak lehenago itxiko zituztela iragarri zuten; atzo arratsaldean zuten bilera udalarekin. Dekretuaren arabera, datorren astean zehaztuko dute aldaketarik baden.
Argazki rallya, antzerkiak
Izurrite irteerako «trantsizioa patxadaz» egin behar dela ohartarazi du udalak, «argi printzek itsutu» gabe. Festak ospatzeko baldintzarik ez dagoela oraindik garbi utzi du, eta hala partekatu zuten herriko eragileek ere jaiei buruz egindako bi batzarretan.
Iaz bezala, aurten ere irailerako eta urrirako kultura-egitaraua prestatu dute, jaietarako gordetako aurrekontua erabilita. Lehengo igandean, adibidez, Baraibartik Zaldibiara ohiturazko mendi buelta egin zuten mendizaleek. Asteburu honetarako egitarau trinkoa dator.
Batetik, estreinako aldiz argazki rallya egingo dute. Igandean da, eta izena goizean bertan eman behar da, Karreanen. Andoni Mutiloaren Esnatu naiz kabareta eta Tonbola kale antzerkia dira beste bi eskaintza. Gaur, berriz, azken urtebetean Zaldibiara etorri diren bizilagun berriei harrera egingo diete.
Erosketa bonuak larunbat eguerdirako amaitu ziren. Mondeju pintxoaren bonu batzuk geratzen dira, udaletxean. Hirugarren kanpainarako, udalak 6.000 euro jarriko du, herrian gutxienez 54.000 euroko eragin ekonomikoa uzteko asmoz.
Santa Fe egunean, haurrek soilik izango dute jardueraren bat. Tailerrak antolatu dituzte haientzat, eskolan jai dutelako.
UDAZKENEKO EGITARAUA
· Gaur. Harrera Eguna, azken urtean etorri direnei ongi etorria eta ibilbidea. Plazan, 18:00etan.
· Bihar. ‘Esnatu naiz’ kabareta. Antzokian, 19:00etan. Sarrerarekin.
· Etzi. San Sebastian Circuit Spirit auto klasikoen rallyko pasaera. Kalean, 13:00etan.
· Igandea. Zaldibiako 1. Argazki Rallya. Izen-ematea egun berean Karreane kultur etxean.
· Igandea. ‘Tonbola’ kale antzerkia. Plazan, 12:00etan.
· Irailaren 22tik urriaren 3ra. Txurro saltzailearen postua.
· Urriak 6, asteazkena. Txatxilipurdiren tailerrak, haur eta gaztetxoentzat. 10:30etik aurrera.
· Urriak 14, osteguna. ‘Kantu kolore’ ikuskizuna. Resti frontoian, 18:30ean.
· Urriak 15, ostirala. Zapiak Bat taldearen sormen tailerra. Plazan, 16:30ean.
· Urriak 15, ostirala. Amak taldearen kontzertua. Resti frontoian, 18:30ean. Sarrerarekin.
· Urriak 16, larunbata. ‘Ur’ dantza ikuskizuna. Restin, 18:30ean. Sarrerarekin.
· Urriak 17, igandea. Sega saioa gaztetxoentzat, Almitzarekin. Mugertzako zelaian, 10:00etan.
· Urriak 17, igandea. ‘Frontona’ ikuskizuna. Plazan, 18:00etan. Sarrerarekin.
· Urriak 20, asteazkena. Poniak haurrentzat. Olaldeko parkean, 16:30an.
· Urriaren 22tik azaroaren 1era. Karrusela, antzoki aurrean.
· Urriak 22, ostirala. Pilota partidak, Gaztelupe elkarteak antolatuta. Restin, 14:00etan.
· Urriak 23, larunbata. Udazkeneko IV. Zapi Janztea bertso bazkaria, Zapiak Bat taldeak antolatuta. Maialen Akizu, Andoni Egaña, Nerea Ibartzabal eta Jon Maia. Zubiburu elkartean, 14:00etan. (txartela 25 euro; Joxepanen eta Illatin salgai).
· Urriak 24, igandea. Jubilatuen bazkaria, Beti Gaztek antolatua. Zubiburu elkartean, 13:00etan.Oharra: Sarrera behar den ekitaldietan, aurrez adieraziko dute non eta noiz hartu.