ZZ Rock jaialdiaren bosgarren edizioa Zelai Arizti parkean izango da
Kontzertuak urriaren 9an izango dira: 13:00etan eta 18:00etan. Mundu, Greasy&Grizzly, Bamms, Mocker's eta Capsulak joko dute. Sarrerak 'entradium.com' en eta Motzen eros daitezke
Urriaren 9an ZZ Rock musika jaialdiaren bosgarren edizioa egingo dute. Aurtengo jaialdia Zelai Arizti parkean izango da. Orain artekoak trintxeran izan dira. Mundu, Greasy&Grizzly, Bamms, Mocker’s eta Capsulak joko dute.
Lehen kontzertuak eguerdian izango dira. 13:00etatik aurrera Mundu donostiarrak eta Greasy&Grizzly kantabriarrek joko dute. Lehenengoak The Ramones taldearen kantak joko ditu, akustikoan. Arratsaldean, 18:00etan, Bamms hernaniarrek, Mocker’s durangarrek eta Capsula bilbotarrek joko dute.
Sarrerak salgai
Goizeko kontzertuetarako sarrerak 5 euro balio du eta egun osorako sarrerak 12. Sarrerak entradium.com webgunean eta Urretxuko Motz tabernan eskura daitezke. Jaialdiaren egunean ez da egun osorako sarrerarik egongo. Eguerdiko sarrerak 5 euro balioko du eta arratsaldekoak 15 euro.
Zarraparra kolektiboak eta Motz tabernak edariak saltzeko barra du eta zerbitzariak egongo dira edariak ikusleen tokira eramateko.
Jaialdia egoerak eskatzen dituen segurtasun neurri guztiak bermatuta (hidrogela, musukoak, eserlekuen arteko distantzia…) egingo da.
Sarrera eta irteera bananduak izango dira, eskuak garbitzeko hidrogela erabiltzea derrigorrezkoa izango da sarreran eta irteeran, ikusle guztiak eserita egongo dira eta karpatik irteteko altxatu ahal izango dira bakarrik, une oro musukoa jantzita edukitzea ezinbestekoa izango da (edariak hartzeko bakarrik kendu ahalko da), gune barruan erretzea debekatua egongo da, aulkiak ezingo dira bere tokitik mugitu eta ekitaldiaren bukaeran eserlekuan itxaron beharko da Zarraparrako kideek irteteko agindua eman arte.
Jaialdi hau Zarraparra kolektiboak eta Motz tabernak antolatu dute, Urretxuko eta Zumarragako Kultura sailen laguntzarekin. Antolatzaileek «rock and rolla bizirik dagoela ospatzeko egun paregabea» izango dela aurreratu dute.