Adineko pertsonen eskubideen bermea exijitu dute
Pandemiak, sistemaren ahultasunak agerian utzi dituela eta horrek adineko pertsonengan sortu duen kalteari irtenbidea bilatzea exijitu dute gaur, urriak 1, Adineko Pertsonen Nazioarteko Egunean.
Egutegian data bereziak egon ohi dira, eta gaurkoa, urriaren 1a, horietako bat dela esan daiteke; Adineko pertsonen nazioarteko eguna da gaur. COVID-19a ezagutu aurretik, gaurko egunaren harira, ekintza desberdinak antolatu izan dira, Goierri eskualdeko herri desberdinetan. Iaz, testuinguruak hala behartuta, egitarauak guztiz murriztu zituzten. Aurten, berriz, Ordizian, protesta egiteko baliatu dute; adineko pertsonentzat duintasuna exijitu dute, Gipuzkoako Adinekoen eta Pentsiodunen Elkarteen Plataformak egin duen deialdiarekin bat eginez.
Ordiziako Plaza Nagusian 11:00etan egin dute elkarretaratzea, «horretarako arrazoi asko daudelako». Adineko pertsonak «kolektibo kaltebera» izanik, haien «eskubideak bermatzea» eskatu dute. «Garai hauetan, ongizate-sistema indartsu bat izatearen garrantzia egiaztatu dugu; izan ere, osasun onik gabe, egoitza onik gabe, mendekotasunari zerbitzu onik eman gabe, babesik gabe gaude, eta bereziki, adineko pertsonak».
Pertsona guztien eskubideak, bermatuko dituzten erakunde publiko indartsuak ere eskatu dizkiete agintariei, baita pentsioen sistema publikoa egonkortzea, gutxieneko pentsioa 1.080 eurora igotzea, adineko pertsonen pobrezia ekiditeko, eta adineko pertsonen kolektiboarentzat «berdintasun politikak» ere.
Eskaera horientzako konponbidea bilatzen parte hartzeko duten eskubidea ere aldarrikatu dute gaur Ordiziako Plaza Nagusian egin duten elkarretaratzean.
Pentsiodunak astelehenean
Bestalde, asteleheneroko moduan, Goierriko Pentsiodunek deituta, elkarretaratzeak egingo dituzte Ordizian, 11:00etan, Plaza Nagusian, eta Urretxu-Zumarragan, Areizaga-Kalebarren plazan, 11:30ean. Herritar guztiei parte hartzeko deia egin diete.