Asteklimarekin bat eginda, Olaberrian hitzaldiak eman eta lur erosketa publiko proiektua landuko dituzte
Urriaren 6an, 7an eta 8an hitzaldi eta haurrentzat joko bana antolatu ditu udalak, klima aldaketaren eta biodibertsitate galeraren gaiari buruz. Bestetik, baso lurrak erosteko ekimena abiatuko du udalak, utzita dauden pinudiak erosi eta bertako basoa berreskuratzeko.
Asteklima deritzon ekimenarekin bat egingo du Olaberriak, datorren astean. Klima aldaketaren larrialdiari buruz gogoeta egiteko, hiru hitzaldi egingo dituzte. Basoen garrantzia klima aldaketaren aurrean, berokuntzak dakartzan ondorioak, eta udalak datozen bi urteetarako dauzkan helburuak azalduko dituzte, solasaldi banatan. Urriaren 6an, 7an eta 8an izango dira hitzaldiak.
Horrez gain, eta hitzaldi-zikloak mahaigaineratuko duen problematikari heldu nahian, Olaberriko Udalak lurrak erosteko egitasmoa abiarazi du. Aurrekontuetan 20.000 euro bideratuko dituzte egiteko horretarako. Xingola marroiaren gaitzak jotako, eta jabe pribatuek utzi samarturik dauzkaten sailak bereganatzea da udalaren helburua, gaur etxeetara zabaldu duen oharrean azaldu duenez.
Bertako basoa berreskuratzea da azken asmoa, bai udalaren jabetzakoak diren sailetan, bai erosi nahi dituzten pribatuetan ere. “Udalaren helburua basoen kudeaketa jasangarria bultzatzea da. Mendiaz ari garenean, natur baliabideaz, basoaz, mendiko abeltzaintzaz, aisialdiaz, kulturaz eta paisaiaz ere ari garelako. Basoaren ikuspegi multifuntzionala sustatzea da helburua. Espezie autoktonoen basoak garatzeko eta abeltzaintza estentsiboan nahiz baso-ingurunean sar daitezkeen nekazaritza-proiektu berriei ateak irekitzeko helburuarekin”, azaldu du udalak gutunean.
Gaiari buruz, herritarrei inkesta bat ere banatu diete. 15 eguneko epea izango dute galdetegiari erantzuteko.
Asteklima egitaraua Olaberrian:
- Urriak 1, ostirala. Klima aldaketari aurre egiteko erronkak-Olaberriko ingurumen agenda 2022-2023 esku-orria etxeetara banatu. Galdetegia betetzeko epea: urriaren 15a, udaletxean edo ludotekan (15:00-19:00). Ogitartekoa biltzeko oihala oparituko diete parte-hartzaileei.
- Urriak 6, asteazkena. Hitzaldia: ‘Aldaketari egokitzen. Uraren koloreak’. Udalaren helburuak 2022-2023 urteetarako, aurkezpena. Hizlaria: Ane Zabaleta, EHUko irakaslea. Ihurre auzoko ludotekan, 19:00etan.
- Urriak 7, osteguna. Hitzaldia: ‘Basoen ekarpena klima aldaketaren aurrean. Olaberrian zer?’. Udalaren helburuen aurkezpena ere egingo dute ondoren. Hizlaria: Garazi Auzmendi (Naturtzaindia). Udaletxeko batzar aretoan, 19:00etan.
- Urriak 8, ostirala. Jolas kooperatiboa: ‘Ipar poloa salbatzera goaz’. Klima aldaketaren ezagutzan sakontzeko jolasa. Herri eskolan, 09:30etik 10:30era.