Ataungo Odol Emaile Elkartean zuzendaritza aldatu dute, 38 urteren ondoren
Astelehenean, urriak 4, ateraldia egingo dute Joxemiel Barandiaran Herri Ikastetxean. 1984tik, ehundik gora emate antolatu eta milaka litro odol bildu dituzte.
Odol ateraldi berezia izango da astelehenekoa Ataunen. Ohi bezala, iluntzean Joxemiel Barandiaran eskolan izango dute ataundarrek odola emateko aukera. Berritasunak badira herriko elkartean, ordea: Ataungo Odol Emaile Elkartearen zuzendaritza aldatu egin dute, eta talde berriak hartu du emanaldiak antolatzeko ardura.
Elkartean lanean aritu direnek, 38 urteren ondoren, «trantsizioa» egin dute. Jose Luis Gorostizu eta Angel Elias hasieratik ibili dira, hainbat herritarrek lagunduta. Azken urteetan, Izarra Asurabarrena, Arantxa Mujika eta Ima Aramendi ibili dira haiekin ateraldiak prestatzen.
Orain, lekukoa Elixabet Bikuñari, Eider Goikoetxeari, Maite Sukiari eta Ainara Gorostizuri eman diete.
1984tik, milaka litro odol
Urtean hiru ateraldi antolatzen ditu Ataungo Odol Emaile Elkarteak. 1984ko maiatzean sortu zuten. Lehentxeago, Beasaingo ordezkaritzak herrian antolatutako emanaldian ia 40 ataundar joan ziren, eta hala eratu zuten.
Urte hauetan guztietan, denera 109 ateraldi egin dituzte Ataunen, eta 276 emailek guztira 4.270 odol poltsa eman dituzte. Astelehenean jarraituta, elkartasun ekintza hori ziurtatuta egongo da berriz ere aurrerantzean.