Dolarea parkea ireki dute
Gaur zabaldu dute, langileak azken ukituak ematen ari zirela. Txorrotak erabilgarri egongo dira
Dolarea parkea zabalik dago gaur eguerditik. Aurreikusi baino pare bat hilabete gehiago behar izan dituzte lanak amaitzeko, Adur Ugartemendia Lurraldea saileko batzordeburuaren arabera pandemiagatik hornikuntza arazoak izan dituztelako. Halere, eguraldi oneko azken egunak aprobetxatu ahalko dira. Ur-txorrotak jarrita egongo dira, edonork jolastu dezan; harmailak ere prest daude, dozena bat eserleku solterekin. Leire Artola alkateak egin beharreko obra zela azpimarratu du irekiera ekitaldian. “Udalaren lan estrategikoetako bat zen”, azpimarratu du.
Irisgarriagoa da, orain. Igartza Oletako sarrerako eskailerak kendu eta aldapa zabal eta leun bat eraiki dute. Gainera, agertokia kendu egin dute. “Sarrera argiagoa da orain eta sartzera gonbidatzen du”, azaldu du Ugartemendiak. “Igartzako Monumentu Multzoan ere integratuago dago”, baieztatu du.
Zorua ere berria da. Lehengoa apurtuta zegoen eta asfaltoagatik ordezkatu dute, iraunkorragoa delako. Apaingarri gisa, marra sigi-sagatsu zuriak jarri dizkiote. Ugartemendiak esan du, “anekdota” modura, “bareak uzten duen arrastoa” iradokitzen dutela. Marrak errepidearen bestalderaino iristen dira, Igartzako Monumentu Multzoarekin lotura egiteko eta zebra-bidea markatzeko. Batzordeburuak aitortu du datozen egunetan behatu egingo dutela ea autoek pasabidea errepetatzen duten, eta behar izanez gero aldaketak egingo dituztela. Katu-begiak ere jarriko dituzte, oinezkoentzako pasabidea gehiago nabarmentzeko.
Berdeguneak ere txukundu dituzte, zuhaitz guztiak mantenduta. Halere, belardi batzuk lugorri daude oraindik. Zapalgarriak izango dira prest daudenean. Jolasgune bat ere kokatuko dute, psikomotrizitate arazoak dituzten haurrentzako aproposak. Izan ere, Aspaceko egoitza alboan izanda “luzapen” bat izan nahi dute. “Ez da Aspacekoentzako eremua. Ez da beraientzako jolas-parkea. Edozeinek erabili ditzake, denak batera. Hori da integraziorako bidea”, gonbidatu ditu herritarrak Artolak.
Ur-txorrotak
Ur-txorrotak ere jarri dituzte: udalak programatuko duen ordutegi baten barruan, botoi bat sakatuta jarriko dira martxan; denbora baten ostean berriz gelditu egingo dira. Ugartemendiak azaldu du ur-ziklo itxia dela, beti ur bera dabilela bueltaka, eta hala kontsumoa ez dela gehiegizkoa izango. Neguan txorrotak desmuntatu eta jaso egingo dituzte, eta erabilera anitzeko eremu bat sortuko da.
Artolak gogoratu du berrikuntza guztiak herritarren parte-hartze prozesutik eratorritakoak direla.