Hitzek ere zaintzen dute
Euskarazko literatura ikusgai egiteko helburuz sortu dute ‘Hitzak zaindari’ erakusketa. Zumarragan dago ikusgai bihar arte, eta Gipuzkoako beste herri batzuetara ere zabalduko dute gero.
Bizitzak zaintza dakar, eta zaintzak bizitza. Bizi denak zaindu egiten du. Zaintzen duenak bizitza berritzen du. Bizi izan liteke ni eta hura, baina elkarren zaintza da gu egiten gaituena…”. Aipu horrek ematen dio ongi-etorria bisitariari Hitzak zaindari erakusketara. Zumarragako Zelai Arizti erakusketa aretoan dago ikusgai bihar arte, eta Gipuzkoako beste herri batzuetan ere izango da aurki. Hurrena, Eibarren.
Euskal Liburuaren Katea osatzen duten elkarteek antolatu dute erakusketa Euskal Itzultzaile eta Interpreteen Elkarteak (EIZIE), Euskal Editoreen Elkarteak, Euskal Idazleen Elkarteak eta Galtzagorri Gazte eta Literatura Elkarteak—, Kutxa fundazioaren laguntzarekin. Euskal liburugintza edo euskal literatura “ikusgarri egitea” da haren helburu nagusia, Ana Urrestarazu Euskal Editoreen Elkarteko idazkariak esan duenez.
Erakusketa ez da elkarte horiek elkarrekin egiten duten lehendabiziko proiektua, eta aurrera begira ere “elkarlan horrekin jarraitzea da asmoa”, azpimarratu du Urrestarazuk. Elkarte bakoitzak izaera eta egiteko propioak dituen arren, norabide berean ekiteko indarrak batu dituzte: “Euskal literatura edo euskal liburugintza zaindu egin behar dugula iruditzen zaigu. Gu, lau elkarteok, lan horretan ari gara, baina erakusketaren bitartez erdal ikusleei erakutsi nahi diegu euskal letretan ere badagoela zaintzaren isla”.
Euskal literaturgintza “une oparoan” dago. Datuei begiratuta, “urteko 1.550 titulu argitaratzen dira euskaraz batez beste, guztiak nobedadeak”. Beste kontu bat da argitaratzen den hori guztia kontsumitzaile izan litezkeen guztiei iristen zaien edo ez. Azken ideia horretan eragin nahi du, hain zuzen, erakusketak. Euskaraz egiten den guztia “agerian jarri” nahi da, balizko irakurle horienganako zubi lana egin. Urrestarazuk euskal literatura “industria kultural garrantzitsua” dela dio, ez bakarrik emandako zenbakiengatik, baita “sortzaileek egiten duten kalitatezko lanagatik” ere.
Euskal literatura “oso momentu onean” dago, erabat “profesionalizatua” dago, eta “sendo” ageri da, Urrestarazuren esanetan. Ez hori bakarrik, oinordekotza ere ziurtatuta dagoela esan daiteke: “Aurtengo produkzioari begiratzea besterik ez dago; idazle gazte asko dago eta horietatik emakumezkoak ere asko dira”, azaldu du Euskal Editoreen Elkarteko idazkariak. Ez da makala, dena den, ezarritako erronka. Euskal literatura industria emankorra izanagatik, merkatuan duen konpetentzia handia da: “Euskal Herrian erdal literaturak askoz ere indar handiago dauka irakurleen artean”. Horregatik erakusketa: “Indarrak batu ditugu presentzia hori bermatzeko, euskal literatura ikusgarri egin eta agerian jartzeko”.
Erakusketara itzulita, zaintza da antolatzaileek aukeratutako gaia, baina izan zitekeen beste edozein ere, “euskal literaturak askorako” ematen duelako. Erakusketaren ideia orain urte bete hasi zen gorputza hartzen, “oso testuinguru berezian”, osasun krisia zela eta. Elkar zaintzea, euskal literatura zaintzea izan zen aukeratutako ideia eta “hori izan da proiektu guztia gauzatzeko ardatza”.
Gipuzkoan barrena
Erakusketa Donostiako Tabakaleran estreinatu dute aurtengo udan, Kutxa Kultur Plaza espazioan. Harrera oso ona izan du, eta antolatzaileak “pozik” daude horregatik. Baina erakusketa ibiltaria da. Zumarragan dago ikusgai bihar arte, Zela Ariztin, eta Eibarko Juan San Martin liburutegian izango da gero, urriaren 18tik 30era. Zarauzko Sanz Enea izango du hurrengo geltokia, baina oraindik datak zehaztu gabe daude. Zarauztik Gipuzkoako beste herriren batera joango dela ere ziurtatu dute antolatzaileek, nahiz eta, oraingoz, ezin duten beste ezer aurreratu.
Zaintzaren gaia islatzen duten hogei aipuz osatuta dago erakusketa. Aipu bakoitza panel batean jarrita dago, ikusleek irakurtzeko moduan. “Euskal literaturako hogei pasarte dira, Uxue Alberdi eta Itziar Zubizarreta idazleek, Xabier Olarra editoreak eta Lourdes Otaegi eta Alex Gurrutxaga unibertsitateko irakasleek askatasunez aukeratu dituztenak”, azaldu du Urrestarazuk. Testu horietan denetarik dago: poesia, kantak, saiakera, itzulpena, haur eta gazte literatura…, eta guztietan agertzen da zaintza ideia bezala, “izan daiteke feminismoaren ikuspegitik, minarenetik, familiarenetik… Arlo ezberdinetako gaiak ukitu dituzte, oso esparru zabala hartzen duelako zaintzaren gaiak, eta horrela agerian utzi nahi izan dugulako erakusketan bertan”, gaineratu du.
Paneletan banatuta ikusgai dauden pasarteak liburuxka batean ere bildu dituzte, eta eskuragarri izango dira, doan, erakusketan bertan. Postal bat ere izango da aukeran, eta, haren bitartez, jendea bere aipu propioa idaztera edo berak aukeratutako bat proposatzera animatu nahi dute erakusketaren antolatzaileek. Postalean ageri den QR kode baten bitartez bidal daitezke proposamenak. Bideo bat ere egongo da ikusgai erakusketan, eta bideo hori bera sare sozialetara ere igo dute dagoeneko.