Joseba Sarrionandiaren bisita Ataungo irakurleei
Irakurle taldean 'Moroak gara behelaino artean?' landu behar zutela jakindakoan, solasaldian parte hartzeko prest izan da. Euskal Herriaz eta bere ibilbideaz bi ordu aritu da, literatura beste baterako aginduta.
Euskal literatura modernoaren ikono bat da Joseba Sarrionandia (Iurreta, 1958), eta 31 urtean ihes eginda eta foku publikotik ezkutuan bizi ondoren, oraindik albiste dira haren agerraldiak. Azkena, Ataunen herenegun. Otso Irakurleak taldearen hileroko solasaldira joan zen Sarrionandia, ezustean eta iragarri gabe. Moroak gara behelaino artean? liburuaz aritu behar zuten; irakurleekin esker onez, bere ekimenez eta nahiz batu zaie.
Taldean jarraitasunez aritzen diren 8-9 lagunek besterik ez zekiten Sarrionandiaren bisitarena. Udaletxeko batzar aretoan 19:00etan hasita, bi ordu luzean aritu ziren harekin kontutan. Sarri-k berak esan duenez, lehenengo aldia zuen irakurleekin talde batean parte hartu duena. «Eta ohore bat zela berarentzat», azaldu du Joxe Begiristain irakurleak eta bisitaren eragileak.
«Bi ordu egon ginen. Filosofatzen aritu zen: Euskal Herriko historia, gerra, Afrikan zer sarraski egin eta zenbat jende garbitu dugun euskaldunok, Euskal Herrian geure buruaz daukagun konplexua… Bere ibilbide pertsonalaz ere aritu zen, ETAn Franco hil eta gero sartu zela, eta hausnartu zuela ez zela hori ideia. Azkenean, hurrengo batean berriz etorriko zela eta literaturaz hitz egingo genuela esan zuen», oroitu du Begiristainek.
Ataunera etortzeko prest
Sarrionandiaren bisita «karanbola» izan dela aitortu du Begiristainek. Udan, euskal idazleez Sorian (Espainia) egin zuten topaketara joan zen. «Pamiela argitaletxeko Pellorekin topo egin, eta irailerako Moroak gara behelaino artean? geneukala esan nion, besterik gabe». Hartan geratu zen kontua.
Biharamunean, Pamielatik deia: Sarrionandiak solasaldira joan nahi zuela. Esan eta egin. «Ataun batean bere liburuak irakurtzen zituen jendea baldin bazegoen, prest zegoela etortzeko. Irakurzaleen tertulia batean egon nahi zuela esan zuen».
Herenegun, ordu berean Iñaki Antiguedaden Natura Zikloko hitzaldia zegoela jakin zuenean, hari kasu egitera joan zen. Antzokian askok ezagutu zuten, baita aurretik Troskaetan kafea hartzeko garaian ere. Pertsona gertukoa eta diskurtsoa sakona ezagutu dituzte ataundarrek.
Euskal letren izen goren batetik, bestera. Gaur Bernardo Atxaga ariko da, Miel A. Elustondorekin Joxe Arratibelen lanaz, Herri Antzokian (19:00), Jentilbaratzak Mitoaldira gonbidatuta.













