Eskuz eskuz, batera
Kilometroak 2021aren egun nagusia iritsi da, eguraldi iragarpena beteta, euria lagun dela. Lazkaotik abiatu da lekukoa eta Beasaindik barrena, Ordiziako Jakintza ikastolaraino iritsi da.
Eguraldi iragarpenak beteta, Kilometroak 2021aren egun nagusian parte hartu nahi izan du euriak ere. Hala ere, Lazkaoko San Benito, Beasaingo Andramendi eta Ordiziako Jakintza ikastoletako ikasleak, gurasoak eta irakasleak goizean goizetik antolatutako ekintzetan murgilduta dabiltza, euskararen eta ikastolen aldeko aldarriak zabalduz, ‘Batera, bagara, bat gara’ lelopean.
Eguneko lehenengo ekitaldia, giza katea eta herriz herri lekukoa eramatearena izan da. Lazkaotik abiatuta, joaldunen eta Ekirocken laguntzarekin, eskuz esku, Beasainera iritsi da Gipuzkoako ikastolen jaien ikur den lekukoa, ondoren, Ordiziako Jakintza ikastolaraino eramateko.