Ilintxak omenaldi txiki bat egin dio Luis Oroz jarraitzaileari
Klubak eskertu nahi izan dio Legazpiko futbol taldearen jarraitzaile sutsua izatea. Talde nagusiaren partida guztietara joaten da Bikuñara
Egun berezia izan zen larunbat arratsaldea Luis Oroz Ugarterentzat. Ilintxak, bere bihotzeko futbol klubak, omenaldi txiki bat egin zion talde nagusiaren partida hasi aurretik, Bikuña zelaian. Hainbat opari jaso zituen Luisek Xabi Aldama klubeko lehendakariaren eskutik, horien artean bere taldeko kamiseta.
Luis Oroz futbolzale amorratua da eta “Ilintxaren jarraitzaile sutsua”, Aldamak azaldu duenez, “beroa, euria edo elurra egin… berdin da, han izaten da Luis taldea animatzen eta harmailetan giroa jartzen, batzuetan baita bonboarekin ere”. Ilintxaren gainerako zaletuek ere estimuan dute Luis, urte askoan harmailetako eserlekuetarako alfonbra txikiak banatzen zituelako. “Merezi zuen horrelako omenaldi xumea!”, dio lehendakariak.
Omenaldia eta opariak gutxi ez, eta izan zuen Luisek etxera pozik itzultzeko beste arrazoi bat, Ilintxaren talde nagusiak 1-0 irabazi ziolako ondoren Soraluzeri.