Txillida Lantokia, inoiz baino irisgarriagoa eta inklusiboagoa
Ondarearen Europako Jardunaldietan parte hartuko du museoak. Lau jarduera antolatu ditu, eta horietako bi ikusmen arazoak dituztenei zuzendutakoak dira
Legazpiko Txillida Lantokiak Ondarearen Europako Jardunaldien seigarren edizioan parte hartuko du, eta horien barruan urrirako prestatu dituen lau jarduerei esker, museo irisgarriagoa eta inklusiboagoa izango da.
Jardunaldiek Guztion Ondarea, denok parte! Ondare irisgarri eta inklusiboa leloa daramate, eta Gipuzkoako 31 udalerrietan irailean hasi eta azarora arte garatuko diren 138 jarduera biltzen ditu.
Legazpin, lau ekintza
Legazpin, Lenbur Fundazioak kudeatzen duen Txillida Lantokiak egin du bat ondarearen jardunaldiekin, eta lau ekintza proposatu ditu.
Urriaren 24an abiatuko da Legazpiko programazioa, ikusmen murriztua dutenen azalean jarrita museora bisita eginez. Begisare elkartearen laguntza izango dute, eta horren eskutik ikusmen murriztua zer den eta hori pairatzen dutenek eguneroko bizitzan dituzten irisgarritasun arazoak azalduko dituzte. Horretarako, bisitariak ikusmen murriztua duten pertsonen azalean jarriko dira eta errealitate birtualeko betaurrekoen bidez ikusiko dute museoa.
Ondoren, ikusmen arazoak dituztenei zuzenduta, bisita egokitua egingo da, eta ukimenaren zentzuaren bidez, Txillidak eskulturak egiteko erabilitako makinak eta tresnak sentitzeko aukera izango da, besteak beste.
Hurrengo hitzordua Egoera zaurgarrian dauden pertsonen parte hartzea kulturan izeneko ikerketa inklusiboaren aurkezpena izango da. Urriaren 28an izango da.
Azkenik, txango inklusiboa egingo da Txillida Lantokira urriaren 31n, giza eskubideen markotik abiatuta. Giza eskubideak, kultur eskubideak eta gizatalde desberdinen ezaugarriak landuko dira bisitan, eta aldi berean, ondareaz eta kulturaz gozatzeko sortzen diren zailtasunez ere hitz egingo da.
Lau jarduera inklusibo
IKUSMEN MURRIZTUA
· Begisarerekin. Betaurreko birtualak jarrita, ikusmen arazoak dituztenek bezala bisitatuko da museoa.
· Urriak 24. 11:00 eta 11:45. Euskaraz, dohainik.BISITA EGOKITUA
· Ukimenaren zentzua. Ikusmen arazoak dituztenei zuzenduta, ukimena izango da ardatza.
· Urriak 24. 12:30, gaztelaniaz, dohainik.IKERKETA AURKEZPENA
· Egoera zaurgarrian dauden pertsonen parte hartzea kulturan. Ikerketa inklusiboa da, metodologian eta diseinuan, garapenean…
· Urriak 28. 19:00, euskaraz, dohainik.TXANGO INKLUSIBOA
· Giza eskubideen markotik: Arreta berezia jarraiko zaie egoera zaurgarrian egon daitezkeen pertsonen presentziari eta parte hartzeari.
· Urriak 31. Igandea, 11:00. Euskaraz eta gaztelaniaz. Dohainik.