«Bi aldiz sufritzen duzu, gaixo zaudelako, eta ezin duzulako kontatu»
Igandean Buruko Osasunaren Munduko Eguna da. Jende askori eragiten dien gaitza da burukoa, eta gehienek ixilpean gordetzea nahiago dute. Maialen Mendinueta legazpiarrak publiko egin du.
Abuztuan buruko gaitza duzula egin duzu publiko.
Nahiago dut esatea buruko osasun arazoak ditudala. YouTuben ikus daiteke nire aitorpen hori. Eta bi podcast ere egin ditut, La tribu extraordinaria-n bat, eta El puzzle de Bea-n bestea.
Zer duzu zehazki?
Zorionez, ez nago diagnostikatuta beste batzuk bezala nahasmendu bipolarrarekin edo eskizofreniarekin, adibidez. Krisi psikotiko solteak izan ditut.
Zer dira krisi psikotikoak?
Nire kasuan, ametsetan bezala nago, baina esna nago, eta gauzak entzun, ikusi eta imaginatzen ditut, benetan gertatzen ez direnak. Errealitatetik kanpo dauden gauzak dira.
Pasarte horietako batzuk azaltzen dituzu bideoan.
Bai, denak ez, baina bai, jendeak ideia bat egiteko.
Noiz hasi ziren gertatzen?
17 urte nituenean. Odontologiako lehen mailan, Derioko egoitzan nengoela, gau batean hasi zen. Orduko senargaiarekin telefonoz eztabaida bat izan eta gero, gau osoa lo egin gabe pasa nuen, eta hala etorri zen lehen krisia. Olentzeroren bila hasi nintzen gelaz gela. Nire kontroletik kanpo zegoen hura.
Sorpresa handia izango zen.
Bai, niretako eta familiarentzako, aurretik ez nuelako horrelako ezer inoiz bizi.
Nola eman zenion buelta?
Gurasoak bila etorri ziren eta psikiatrarengana eraman ninduten. Tratamenduaren ondoren, 15 egunera Derion nintzen berriz, lotsatuta, baina sendatuta.
Botikak dira tratamendua.
Bai. Garunean ditugun neurotransmisoreetako dopaminan, serotoninan… dauden entzimak asaldatu egiten dira. Botikekin bere onera itzultzen dira eta zuk ere betiko egoera berreskuratzen duzu. Buruko gaixotasuna gaixotasun kimikoa da.
Bizitza normala egin daiteke?
Nik egiten dut, saiatzen naiz be- hintzat, baina egia da kronikoa bihurtzen den eran, zaila dela asimilatzea edozein momentutan gertatu daitekeela berriz.
Psikiatrikoan ere egona zara.
Karreraren 4. mailan nenbilela Nikaraguara joan nintzen Dentistas sin Fronteras erakundearekin lan egitera, eta han krisi bat izan nuen. Ospitalean ingresatu ninduten, medikazioarekin ez zuten lortzen ni egonkortzea, eta azkenean, hegazkinean ekarri ninduten, sedatuta, eta psikiatrikoan sartu ninduten.
Nolako esperientzia izan zen?
Zaila da horrelako egoera bat gainditzea. Abandono sentipena izan nuen. Gurasoak bisitan joaten ziren, baina ni han nengoen, ezagutzen ez nuen jendeaz inguratuta… Nik beti esaten dut ahal dela, hobe dela etxean igarotzea buruko gaixotasuna, beste gaixotasun guztiak bezala.
Zenbat krisi izan dituzu?
Kontua galduta daukat, zortzi? Bi lehenengoak izan ziren intentsoenak.
Nola zaude orain?
Orain behintzat badakit zer diren krisiak, eta zein neurri hartu behar dudan zerbait datorrela somatzen dudanean. Kontrolatuta daukat, eta adibidez lo egin ezin dudala hasten banaiz, hori seinale bat da alertan jartzeko. Ni saiatu behar naiz ondo lo egiten, estres maila jaisten, nahiz ez den erraza, lanagatik eta familiagatik… Baina saiatzen naiz.
Gertuko inguruan mantendu duzu guztia orain arte.
Familikoek eta lagun batzuek bakarrik zekiten. Baina nire arazo horiez lasai hitz egin nahi nuen, eta psikologo baten laguntzarekin lortu dut.
Bideoan hiru helburu aipatzen dituzu. Lehena, burua arintzea.
Urte asko dira gezurrak esaten, lanean adibidez, joan ezin nintzenean benetako arrazoia ez nuen esaten, eta hori zama bat zen. Beste gaixotasun bat baduzu normal esan dezakezu zergatik ez zoazen lanera, baina honetan kosta egiten da, gaia tabu delako oraindik.
Bigarren helburua, zure egoera ezagutzera ematea da.
Jendeak ezagutu eta hobeto ulertu nazan. Eta asmo handia bada ere, nahiko nuke gizarteak pentsakera irekitzea eta ulertzea pertsona normalak garela, bizitza normalak ditugula, nahiz eta tratamendu berezi bat izan une batzuetan. Hori ez litzateke muga bat izan behar kontratatua izateko, adibidez. Gainera, inor ez dago gaixotasunetaz libre, ehuneko handi batek izan dezake.
Laguntzea da hirugarren helburua.
Batez ere gazteei eta familiei. Gaixotasun hau familientzako gogorra da, ez dakitelako nola lagundu. Eta gazteei esan nahi diet itxaropena ez dutela galdu behar, ikasketak aurrera eraman, familia bat osatu, lanpostu on bat izan… guztia posible da. Agian beste pertsona batek baino lan gehiago egin behar dute horretarako, baina posible da.
Asko zabaldu da zure bideoa.
5.000tik gora ikustaldi ditu, ez dago gaizki, baina gehiago zabaltzea nahi dut. Elkarte batzuetara ere iritsi da, eta esperientziak elkartrukatzen hasi gara, zu bezalako jende gehiago dagoela jakiteak asko laguntzen duelako. Eskoletara ere iritsi nahi dut, pre- bentzioa handik hasteko.
Jendearei zer esan nahi diozu?
Buruko arazoren bat duenari, hori iritsi aurretik zituen ametsekin jarraitzeko, medizinak hartzeko eta drogak saihesteko, askotan buruko gaixotasuna eta droga menpekotasuna elkarrekin doazelako. Bizitza ordenatua eraman beharko du, baina zaletasunak, lagunak… mantendu egin behar ditu, ez dezala bere burua isolatu eta etsi.
Gaia normalizatu egin behar da, eta jendeak buruko gaixotasunak ulertzen dituen eran, gehiago hitz egin ahal izango da horretaz. Izan ere, bi aldiz sufritzen duzu, gaixo zaudelako, eta ezin duzulako kontatu.
Oraindik gaizki ikusita dago.
Bai. Oraindik asko ez dela, gaixoak zentroetan isolatzen zituzten, eta gizarte integrazioa duela gutxi hasi da. Denbora behar da normalizatzeko. Nik neure pausoa eman dut, eta horretan jarraitzea da helburua.
Zer egin dezake gizarteak?
Gizarteak inklusiboa izaten ikasi behar du, gaixotasun guztiekin, desgaitasun guztiekin, sexu joera guztiekin…
Etorkizun esperantzagarria, Maialen eredu
«Une gogorrak pasa ditut, baina baikorra naiz, eta borrokalaria ere bai, borroka asko egin dudalako bizitzan naizenera iristeko».
Odontologia ikasi zuen Bilbon, eta ortodontzia gero Bartzelonan. Krisiak ez ziren eragozpen izan, ezta lana aurkitzeko ere, Eduardo Anituaren Gasteizko klinikan lehenik, eta Eibarko Eider Unamunorekin orain. Familia ere osatu du, ezkonduta dago eta bi seme txikiren ama da: Urko eta Ekain.
Afizioak lantzeko aukera ere izan du. Bidaiak, mendia eta eskia ditu gogoko Mendinuetak.