Urrup antzerki taldea Usurbera itzuliko da, ia bi urteren ondoren
Bi antzezlan labur taularatuko dituzte. Muturreko egoeretan dauden pertsonaien gorabeherak antzeztuko dituzte. Eserleku guztiak, erabilgarri
Urrup antzerki taldea Usurbe Antzokiko oholtzara itzuliko da bihar. Tennessi Williamsen bi antzezlan taularatuko dituzte: Larkspur lozioaren markesa eta Zapaldutako petunien kasua. 20:30ean hasiko da lehen obra. Sarrerak salgai daude antzokiko leihatilan eta Kutxabankeko webgunean. Sarrera bakoitzak sei euro balio du.
Bi antzezlan labur dira, elkarren arteko antzekotasunak dituztenak. Bi kasuetan muturreko egoeretan dauden pertsonaiak dira protagonistak, baina azken unean salbaziorako bidea aurkituko dute.
Marisol Cavero eta Ana Martinez izango dira protagonisten rola antzeztuko duten aktoreak. Juan Manuel Pecharroman, Gorka Lariz, Jose Luis Argiñano eta Maribi Lopez izango dituzte alboan. Rosa Rojo beasaindarrak egin ditu gidari lanak.
Imanol Juanesen ardura izan da dektoratuak egitea. Ez du lan erraza eduki, bi obretara egokitzeko azkar aldatu daitezkeen dekoratuak egin behar izan baititu. Loinatz eguneko zentroko erabiltzaileek lagundu diote, hainbat eskulan egin baitituzte. Eukene Lekuonak sortu du emanaldiko kartela.
Saioak euskaraz izango dira, gidoi originalak ingelesez izan arren. Garazi Otegi eta Maitane Uriarte aritu dira itzulpen lanetan.
Bi urteren buruan
Ia bi urte dira Urrupekoak Beasainen antzezten ez dutela. Kasualitatez, orduko hartan ere antzerkigile estatubatuarraren obra bat antzeztu zuten.
Pandemiaren erruz gelditu egin behar izan zuten arren, badira hilabeteak martxan jarri zirela. Uztailean, esaterako, Ordizko Herri Antzokian izan ziren.
Atzodanik era guztietako edukiera mugak ezabatuta daudenez, Usurbeko eserleku guztiak erabilgarri egongo dira.













