‘Indarkeria matxistarik ez!’ sormen lehiaketa abian da bigarrenez
Ordiziako, Beasaingo, Lazkaoko, Legorretako, Segurako eta Zaldibiako Udalek babestu dute ekimena. Indarkeria estetikoa da gaia eta azaroaren 19a arte zabalik dago epea
Goierrin indarkeria matxistarik ez! sormen lehiaketaren bigarren edizioa martxan dago. Aurtengo gaia, indarkeria estetikoa da. Ordizian egin dute ekimenaren aurkezpena. Ordiziako, Beasaingo, Legorretako, Lazkaoko, Zaldibiako eta Segurako udalek babestu dute ekimena, eta parte hartzeko deia egin diete herritarrei.
Sei herrietako berdintasun teknikarik beraien udalen babes osoarekin, berdintasuna sustatzeko bide berriak eraikitze aldera, 2020an Goierri osora zabaldutako sormen lehiaketa bat antolatu zuten. Eta 2021ean esperientzia errepikatuko da aurreko lehiaketaren parte-hartze onaren aurrean.
Azaroaren 25a, Emakumeen aurkako nazioarteko eguna da eta horren bueltan kokatzen da ekimena. Leire Artola Beasaingo alkateak nabarmendu du, «indarkeria matxista arazo erabat konplexua da eta soluzio integralak behar ditugu. Urtean zehar sentsibilizazio kanpainak-eta antolatzen ditugu, proiektu desberdinak antolatzen ditugu, baina Azaroaren 25era begira, herritarrak, mugimendu feministak eta erakundeak antolatzen garela, ahotsa altxatzen duten errealitate gordin honen aurka».
«Gorputz guztiak ederrak»
Ainhoa Jimenez Ordiziako ongizate zinegotziak aurten proposatu duten gaiaren inguruan sakondu du: «Garrantzitsua iruditzen zitzaigun adieraztea eta ikusaraztea eguneroko bizitzan zehar jasaten ditugun indarkeria motak anitzak direla; eta badaude indarkeria batzuk ezkutuan geratzen direnak eta horregatik garrantzia gutxiago ez dutenak».
Aurtengo gaiak, indarkeria estetikoa azaleratu nahi ditu, «norberak duen gorputzagatik jaso daitezkeen zapalkuntzak, kritikak, hitzak,… eta horrek guztiak nola eragiten duen». Jimenezek esan du «garrantzia emango» zaiola, lehiaketara aurkezten diren lan guztiek gorputz guztiak ederrak direla mezua izatea.
Adin guztiei zuzenduta
Zelai Amenabarro Legorretako alkateak, nolako lanak aurkeztu daitezkeen azaldu du. «Bideo formatoan aurkeztu behar dira, baina bideo horietan jaso daiteke edozein sormen adierazpen mota: marrazkia, eskultura, bertsoa, antzerkia,… nahi den eran aurkeztu daiteke».
Parte hartzaileei dagokienez adin mugarik ez dago. Amenabarrok horren inguruan azpimarra egin du: «Iruditzen zaigu gai hau adin tarte guztietan landu beharrekoa dela».
Lanak aurkezteko azken eguna azaroaren 19a da. Informazio gehiagorako eta lanak bidaltzeko, goierrinindarkeripe izena duen ataria, eta berdintasunagoierrin@gmail.com e-postara idatzi behar da.













