Legorretako Plan Estrategikoa osatzeko partaidetza saio zabala egingo dute urriaren 16an, herritarrei irekia
Legorreta 2030 Plan Estrategikoa garatzeko partaidetza prozesua abian da, eta jarraitzeko, partaidetza saio zabala egingo dute. Herritar kopuru ahalik eta handienak parte hartzea "oso garrantzitsua" dela eta, larunbateko saiorako izena ematera animatu dituzte legorretarrak.
Legorreta 2030 Plan Estrategikoa garatzeko partaidetza prozesua abian da. Legorretako Udaleko udalbatzak osoko bilkuran proiektu hau garatzeko udal gobernuak egindako proposamena aho batez onartu eta gero, duela hilabete eskas publikoki iragarri zuten Zelai Amenabarro alkateak eta Aitziber Meabe EAJko zinegotziak, herriaren etorkizuna eraikitzen hasteko prozesua laster martxan jarriko zutela. Bide horretan jarriak, hainbat urrats emanak dituzte dagoeneko; gaiaren inguruan lanean ari dira zenbait herritar, hautetsi eta udal langile, Legorretako Udalak jakinarazi duenez. Prozesuaren hasierako fasean landutako gaiak “askotarikoak” direnez, “hiru ardatzetan antolatu” dira; “herrigintza, zaintza eta antolamendua”. Legorretaren “argiuneak eta hobetzekoak identifikatu, aurre-diagnostiko bat egin, eta etorkizunera begirako erronkak irudikatzen hasi” dira.
Prozesuarekin jarraitzeko, urriaren 16an, larunbata, partaidetza saio zabala egingo dute herritarrekin, Herri Antzokian, 10:00etatik 13:00etara, plan estrategikoa lantzeko, aurre-diagnostikoa aurkezteko eta osatzeko, eta etorkizuneko erronkak marrazteko. Mota honetako bigarren saio bat ere egingo dute, azaroaren 13an. Prozesua aurrera eramateko, saioak bideratu eta herritarrekin hausnarketa eta lanketa konpartitua egiteko, Elhuyarren laguntza izango dute.
Parte hartzeko deia
Herriaren etorkizuna eraikitzeko prozesu honetan, herritar guztiek edo kopuru oso handi baten partaidetza nahi du udalak; herritar kopuru geroz eta zabalgoak parte hartu, ekarpenak ere gehiago izango direlako eta ondorioz, prozesua aberatsagoa izango da. Hala, larunbateko saioan parte hartzeko deia egin diete herritar guztiei.
Saio zabal honetan parte hartzeko, izena eman behar da aldez aurretik, udaletxean (09:00-13:00), liburutegian (16:30-19:00) edo udalaren webgunean. Zaintza zerbitzua egongo da, aurrez eskaera egiten dutenentzat.