Ordizia txapeldun gazta lehiaketa egingo dute asteazkenean
Euskal Jaietako gazta txapelketako azken hamar urteetako irabazleak lehiatuko dira. Txapelketa Ordiziako Plaza Nagusian, 11:00etan hasiko da.
Ordiziako Euskal Jaietako ardi latxaren esnearekin egindako gazta txapelketaren azken hamar urteetako irabazleen artetik aterako da Ordizia Txapeldun gazta sariketako irabazlea, txapelduna artean txapelduna, alegia. Etzi, asteazkena, asteroko azokarekin batera egingo dute, Ordiziako Plaza Nagusian, 11:00etatik aurrera, Ordiziako Idiazabal Gaztaren kofradiak eta Ordiziako Udalak antolatuta, eta Idiazabal Jatorri Izendapenaren laguntzarekin.
Ondorengoek parte hartuko dute: 2012 eta 2015ean irabazle izan zen Jon Etxebarria (Ipiñaburu-Zeanuri); 2013ko irabazle Ricardo Remiro Aguirre (Remiro-Eulate); 2014ko irabazlea Karmele Murua (Ondarre-Segura); 2016ko irabazlea izan zen Joseba Insausti (Otatza-Ordizia); 2017ko irabazlea Jose Luis Odriozola (Agerreburu-Aia); 2018 eta 2019ko irabazlea; Julen Arburua (S.C. kortaria-Lekaroz) 2020ko irabazlea; Patxi Lopez de Uralde (Larreako gazta-Larrea); eta 2021eko irailean irabazle izan zen Eneko Goiburu (Ondarre-Segura).
Irabazlea erabakitzeko epaimahaiaren lehendakari lanetan, Jose Juan Castillo sukaldaria egongo da. Haren ondoan izango dira gaztak dastatzen, Felix Manso Ibarla (Manso jatetxea, Irun), Imanol Zubelzu (Basque Culinary Center), Victoria Urresti eta Patxi Pérez Elortondo (Idiazabal Jatorri Izendapeneko teknikariak), eta Eli Belaunzaran (El Diario Vasco) eta Aitzol Zugasti (Noticias de Gipuzkoa) kazetariak.
Sariak
Hamarren artean, lehen hiru postuetan geratzen diren gaztagileek diru-saria jasoko dute; 300 euro irabazleak, 200 euro bigarrenak eta 100 euro hirugarrenak. Gainera, hamarretik zazpiko puntuazioa gainditzen badute, urrezko, zilarrezko eta brontzezko dominak eskuratzeko aukera izango dute. Lehenengoak, Urrezko Gazta irabaziko luke zortzi puntu eta erdi baino gehiago lortuz gero.