Beasainek Loinazen jokatutako hamabi puntutik bakarra lortu du
Beasainek etxean irabazi ezinda jarraitzen du. Loinazen lau partida jokatu dituzte eta berdinketa bat eta hiru porrot lortu dituzte. Azkena, atzo. Bat eta bi amore eman behar izan zuten Deusturen aurka.
Beasain irabazten hasi zen. Mikel Orbegozok sartu zuen gola 22. minutuan. Zortzi partidetan bost gol daramatza; multzoko golegile nagusia da. Baina Beasainek errentagarritasun txikia ateratzen die lortutako golei. Partida bakarrean lortu dute aurkaria hutsean uztea. Atzo lau minututan bi gol jaso zituzten, partida amaitzeko ordu erdi inguru falta zenean.
Atzoko porrotarekin bost partida dira jarraian garaipena lortu gabe. Azken hamabost puntuetatik hiru lortu dituzte, eta sailkapenean atzera gelditzen ari dira. Laugarren izatera ere heldu ziren, igoera kanporaketak jokatzeko postuetan, baina orain hamaikagarrenak dira, aurkarien emaitzen arabera. Bederatzi puntu dituzte, jaitsiera postuetatik bi puntura.
Astebetean, hiru partida
Aste barruan galtzearen ona da arantza ateratzeko gutxiago itxaron behar dela. Igandean izango dute horretarako aukera, Santutxuren aurka. Bilbon jokatuko dute, 11:15ean.
Bederatzi egunetan jokatuko duten hirugarren partida izango da.













