CIE Automotive-k 270.000 euro ordaindu behar izan dizkio amiantoagatik hildako langile ohi baten familiari
Hildakoak Patricio Echeverria enpresan lan egin zuen, baina epaitegiek haren ondorengotzat hartu dute CIE Automotive eta heriotzaren erantzule egin dute.
ELA sindikatuak jakinarazi duenez, CIE Automotive taldeak 270.000 euro ordaindu behar izan dizkio Legazpiko Patricio Echeverria enpresako langile ohi baten familiari. Langile ohia amiantoaren eraginpean egoteak eragindako asbestosiaren ondorioz hil zen, eta epaitegiek CIE Automotive egin dute erantzule, Patricio Echeverriaren ondorengoa dela argudiatuz.
Epaitegiek frogatutzat eman dute heriotza amiantoren eraginez izan zela. Hildakoak 24 urtez lan egin zuen Legazpiko lantegian, eta haren lankideen testigantzetan oinarritu dira, besteak beste, epaia ematean. Osalanek 2017an egindako txostena ere erabakigarria izan da. Bertan, enpresak 1969ko hamarkadatik amiantoa inportatzen zuela eta 1984ra arte erabili zuela egiaztatzen da. Labeko xaflaren edo koilararen kontra jarritako geruza zurian omen zegoen amiantoa, eta langileek eragozpenik gabe manipulatzen zuten, horrek zuen arriskuaren berri ez zutelako.
“Amiantoaren drama”
Epai honen aurrean, “amiantoarekiko kontaktutik eratorritako gaixotasun profesionalen drama” gogoratu du ELA sindikatuak, eta fenomeno hori “gero eta handiagoa dela” salatu du, “kontrol publiko eskasaren eta enpresek segurtasun-neurririk ez izatearen ondorioz”.
Aldi berean, “erantzukizunez jokatzeko eta auzibidea beharrik gabe luzatzeari uzteko” eskatu die enpresei, eta administrazioei, “osasunerako eskubidea bermatzeko behar adina baliabide” esleitzeko, amiantoaren eragina jasan duten pertsonen sufrimendua larriagotu besterik egiten ez duten izapideak luzatu gabe.
Azkenik, ELA-k deia egin die lanean amiantoarekin kontaktuan egon diren pertsona guztiei eta haien familiei, “egoera horiek salatzeko eta enpresek justiziaren aurrean erantzun dezaten”.