Udalak datorren urteko aurrekontuetan ez du parte hartze prozesurik egingo
Pandemiak eragindako krisi ekonomikoak atzeratu egin ditu hainbat obra. Egitear dauden lanak amaitzea da lehentasuna. Herritarrek aurrerago egin ahal izango dituzte proposamenak
Legazpiko Udalak ez du herritarren parte hartze prozesurik egingo hurrengo urteko aurrrekontuak osatzeko. Aurtengo ekitaldirako aurreikusitako obra batzuk egiteke daude oraindk pandemiaren eraginez, eta horiek amaitu arte ez du berriz ere herritarren parte hartzea martxan jarriko.
Udala 2016. urtean hasi zen aurrekontuetako inbertsioen kapituluan 300.000 euroko partida bat gordetzen, herritarrek erabakitako eta lehenetsitako obrak egiteko.
Pandemiaren eraginak
Azken bi ekitaldiak bereziak izan dira, pandemiak eragin duen krisi ekonomikoaren ondorioz udalaren diru sarrerak murriztu egin direlako. Horren eraginez, aurrekontu osoa berregin behar izan dute bi urteetan, «osasunari lehentasuna emateko» batetik, eta bestetik, «pertsona ahulenei eta eragin handiena jasan duten sektore ekonomikoei, hau da, merkataritzari, ostalaritzari eta enpresa txikiei, laguntza ekonomikoa emateko».
Aurtengo udazkenera iritsita, «pandemian jarraitzen dugu oraindik», eta udala obrak egiteko behar diren proiektuak eta kontratazioak egiten hasi bada ere, «aurreko aurrekontu ekitaldietan onartu diren baina oraindik egin ezin izan diren batzuk daude». Horiek amaitzea lehenetsiko du udalak, herritarren proposamen berriak jaso baino lehen.
Egiteke dauden obrak
Bederatzi dira 2021eko aurrekontuan jasotako obrak, eta oraindik egitear daudenak. Handienak, bizilagunekin batera adostutako Bikuña Enea plaza konpontzeko lanak eta Olaberriko burdinolako teilatuaren konponketa dira. Beste hiru lan, berriz, 2022ko aurrekontuetan onartu beharko dira berriz ere, horien artean Bellotako pentsioaren azken ordainketa eta egokitze lanen hasiera.
Egiteke dauden lanak
2021eko aurrekontuak
· Agirre Etxeberriko garajea. 50.000 €
· Latxartegi parkeko komuna. 50.000 €
· Latxartegi parkeko erdiko eraikina konpontzea. 50.000 €
· Laubideko atari bakoitien eremuaren 3. fasea. 80.000 €
· Botika alboko eskailera. 50.000 €
· Domingo Agirre eskolan oinezkoentzako pasabidea. 15.000 €
· Aizkorri 26ko oinezkoentzako pasabidea konpontzea. 18.000 €
· Olaberriko burdinolaren teilatua konpontzea. 130.000 €
· Bikuña Enea plaza egokitzeko obrak. 254.000 €+75.000 €2022ko aurrekontuak
· Itxaropen 2-4ko eskailerak. 50.000 €.
· Itxaropen 14-17ko eskailerak. 50.000 €.
· Bellotako pentsioa erosten amaitzea eta hura egokitzeko obrak hastea. 200.000 €