Beasain eta Bergara arteko errepidea urtarrilean hasiko dira kobratzen
Gidariek teleordainketa sistemaren bat edo autoa helbideratuta izan beharko dute, derrigorrez. Aldundiak informazio puntuak jarriko ditu herritarrak prest egon daitezen
Beasain eta Bergara arteko A-636 errepidea ordainpekoa bilakatuko da urte aldaketarekin batera. «Jakitun gara ez dela gustuko neurria baina ordaindu egin beharra dago. Gauza asko daude ordaindu beharra eta aurrekontua mugatua da», esan du Aintzane Oiarbide Bide Azpiegituretako diputatuak. «Gipuzkoan desoreka handia dugu. Zarauztar, eibartar, azpeitiar… batek Donostiara joateko ordaindu egin behar du. Hemendik aurrera denok ordainduko dugu, aitzakiarik gabe». 18.000 auto igarotzen dira egunero A-636 errepidean.
Free flow edo etengabeko jarioaren sistemaren bidez kobratuko dute. Hau da, Beasaingo, Ezkioko edota Deskargako arkutik pasatzean zuzenean kobratuko dute. «Ez dagoenez gelditu beharrik gutxiago kutsatzen da eta erosoagoa da. Gainera, trafikoa monitorizatu ahalko dugu», aipatu du Oiarbidek. «Handicap» bat ere badu, ordea, ezin dela esku dirutan ordaindu. Horregatik, gidariak behartuta egongo dira teleordainketa sistema bat ezartzera edo autoa kontu korronte batera helbideratzera. «Gipuzkoako Foru Aldundiaren aholkua Abiatu sistema ezartzea da. Abantailak asko dira eta desabantailarik ez du», gomendatu du diputatuak.
Abiatu sistemaren indargune nagusia da zenbat eta joan-etorri gehiago egin deskontu handiagoak egiten dituela. Esaterako, Abiaturik gabe, auto arin bati Beasaindik Bergarara joatea 2,53 euro kostatuko zaio; Abiatu sistemarekin, 1,89 euro, %25 gutxiago; bederatzigarren bidaitik aurrera beherapena are handiagoa izango da, %55ekoa; eta 21 joan-etorritatik gora, %75ekoa izango da. Halere, 33,37 eurotan tope egingo du eta hortik gora ez da gehiago kobratuko.
Ibilgailu arinentzako kanona eurotan
Ibilbidea | Abiaturik gabe | Abiaturekin | ||
1-8 joan-etorri | 9-20 joan-etorri | 21 joan-etorritatik aurrera | ||
Beasain | 0,38 | 0,28 | 0,17 | 0,09 |
Ezkio | 0,74 | 0,55 | 0,33 | 0,18 |
Deskarga | 1,41 | 1,06 | 0,63 | 0,35 |
Dena | 2,53 | 1,89 | 1,13 | 0,62 |
Oiarbidek A-636 errpidean bildutako dirua bertan geldituko dela zin egin du. «Dirua errepidea mantentzeko eta hobetzeko erabiliko da», esan du. «Premia badu, asko gainera», aitortu du. «Orain arte ez dugu baliabiderik izan lanei ekiteko». Lanean 2022an bertan hasiko dira: zorua aldatuko dute, zarata bakartzeko panelak jarriko dituzte eta mendiari eusteko prebentzio-lanak egingo dituzte.
Zer gertatuko da kobraketa-sistemarik ezarri ez duten gidariekin? Bada, autoaren jabearen etxera faktura helaraziko dute eta ordainketa nola eta noiz egin behar duen zehaztuko zaio. Orduan ere ordaintzen ez badu, isuna jarriko zaio. «Gidariek denbora izango dute ordainketak egiteko, baina zorrotzak izango gara. Gauzak ongi egin dituztenek txintxo-txintxo ordainduko dute eta beste batzuk ezin dute ordaindu gabe egon», esan du Oiarbidek.
Aldundiak aurrez aurreko informazio puntuak jarriko ditu herritarren zalantzak argitu eta Abiatu ezartzen laguntzeko.
Herrikako informazioa
Arreta bulegoa 09:30etik 13:30era eta 16:00etatik 20:00etara egongo da zabalik:
· Beasain. Udaletxean. Urriaren 25ean eta 26an eta azaroaren 11n, 12an, 29an eta 30ean.
· Legazpi. Udaletxean. Azaroaren 3an eta 19an eta abenduaren 10ean.
· Ormaiztegi. Gizarte Etxean. Urriaren 27an, azaroaren 15ean eta abenduaren 1ean.
· Urretxu. Udaletxean. Urriaren 29an, azaroaren 2an eta 18an eta abenduaren 9an.
· Zumarraga. Zelai Ariztin. Azaroaren 16an eta 17an eta abenduaren 2an eta 3an.