Energia-txirotasuna atzemateko inkesta bat zabaldu du Goiekik
Goierriko pobrezia energetikoaren azterketa egingo dute. Galdetegiaren helburua, energiaren arloan Goierriko etxebizitzen egoera zein den jakitea da.
Goieki garapen agentziak eskualdeko egoera energetikoa ezagutzeko inkesta bat abiarazi du. Goierriko pobrezia energetikoaren azterketa egiten ari dira, H-Enea eta Goienerren gidaritzapean eta Gipuzkoako Foru Aldundiarekin batera. Galdetegiaren helburua, energiaren arloan Goierriko etxebizitzen egoera zein den jakitea da, pobrezia energetikoa identifikatzeko eta horri aurre egiten lagunduko duen informazioa jasotzeko.
Interneten egiteko aukera dago, Googleren Forms plataforman (https://labur.eus/EnergiaGoierrin). Anonimoa da inkesta, eta etxe bakoitzetik galdetegi bakarra betetzeko eskatu dute.
Norberaren edo familiaren datu soziologiko eta ekonomiko batzuk eta etxebizitzaren xehetasunak sartu ondoren, etxeko urteko energia gastua dirutan, diru sarrerekiko suposatzen duen pisua, energiaren fakturak ordaintzeko ezintasuna, etxeko tenperatura egoki mantentzeko zailtasunak edo txirotasun energetikoari buruzko galdera orokorrak erantzun behar dira.
Erakusketa Lazkaon
Bestetik, aldundiak eta Goiekik antolatuta, Energia eta mugikortasuna. Etorkizuneko gakoak Goierrin erakusketa jarriko dute datorren astean, Lazkaon, kultur etxeko aretoan.
Urriaren 19an (17:00-19:00), 20an (11:00-13:00, DBHko eta batxilergoko ikasleentzat) eta 21ean (17:00-19:00) egongo da.