Euskadi Saria, Pello Lizarralderentzat
Idazle zumarragarrak euskarazko narratibaren atalean jaso du Euskadi Saria, 'Argiantza' nobelari esker.
Pello Lizarralde idazle zumarragarrak euskarazko narratibaren Euskadi Saria irabazi du, Argiantza nobelarekin. Gaur jakinarazi dituzte Euskadi Sarien irabazleen izenak. Lizarraldez gain, Anjel Lertxundik, gazte literaturan, eta Joxan Elosegi euskarazko itzulpengintzan, izan dira sarituak.
Ramon Beitia da nobelako protagonista. «Ez da zinemazalea», zehaztu zuen idazleak, «baina 30 urte eman ditu zinema areto batzuk dituen enpresa batean». Gerentea da, kontuak eraman izan ditu, eta horretan jarraitzen du, erretiroa hartzeko garaia iritsi bazaio ere. Irabaziak beherantz doaz, eta bere lagun eta enpresaren jabeak negozioaren ardura semeari uzten dionean, harekin batera «beste garai bat» heldu dela jabetzen hasiko da. «Zinema aitzakia bat» baino ez da izan idazlearentzat, iraganeko gertaerek gaur egunean duten eraginaz hitz egiteko aitzakia bat. Nobelak, Argiantza beharrean, Ilunantza izenburua ere izan zezakeela azaldu zuen, kontzeptu bera adierazten baitute bi hitzek: argi oso ahula, edo argi oso ahula dagoen tokia.
Hainbat ahotsekin osaturiko narrazioa da. «Nahi nuen protagonistak bereak azaltzea, baina iruditzen zitzaidan oso inportantea zela erakustea gizon horrek zer irudipen ematen zuen; ahots gehiago behar nituen. Eta gero, beti nahi izaten dut hirugarren pertsona bat, denak bere lekuan jarriko dituena, eszenatoki bat emango diena denei». 111 Akademiak ere saria eman zion eleberriari 2020an.