'Kultura familian bizi' bost proposamen desberdinekin dator
Turukutupa taldeak 'Reziklate!' izeneko ikuskizunarekin emango diote hasiera egitarauari, igande eguerdian.
Familiei zuzendutako jarduera programa berri bat da Kultura familian bizi, datorren igandean, hilak 17 hasiko dena, Udal Kultura sailak antolatuta. Programa horren baitan, bost ikuskizun proposatzen dira, musika, antzerkia eta beste hainbat arte diziplina nahastuko dituena, abendura bitartean. Turukutupa taldeak Reziklate! izeneko ikuskizunarekin emango diote hasiera. Turukutupa musika eta antzerki konpainia gasteiztarra da, eta kezka artistikoak birziklatzeko eta soinua birziklatzeko proiektu bat garatzeko helburuarekin sortu zuten. Ordiziara ekarriko duten ikuskizuna, 2008ko abuztuan estreinatu zuten. Bertan, bizikletan muntatutako lau aktore-musikarik, munduko musika aurkeztuko dute, hala nola, Euskal Herrikoa, Afrikakoa, Latinakoa, eta Iberiakoa, hondakinen berrerabilpenetik eta birziklatzetik datorren material akustikoarekin.
Herri Antzokian izango da Kultura familian bizi zikloaren lehen saioa, igandean, 12:00etan hasita.
Sarrerak salgai
Ziklo honetarako sarrerak Barrena Kultur Etxean eta Herri Antzokian eskura daitezke 5 euroren truke. Ziklo osorako bonoak ere salgai daude 15 euroan (bost ikuskizun).
Hurrengo saioak
Hurrengo saioak, ondorengoak izango dira: Txirri, Mirri eta Txiribiton, Zoro Gaitezen, azaroaren 7an; Didau taldea, Peru eta Otsoa, azaroaren 21ean; Ola Muchin taldea, Kukuryku txotxongilo jaialdia, azaroaren 24an; eta Borobil Teatroa, Hansel eta Gretel, abenduaren 12an.