«Lehen liburua idatzi nuenean, ez nuen hiru egiteko asmorik»
Brinkolako Gibolan jazotako gertakariak eta haren ondorioek amaiera izango dute, baserrian sortutako konspirazio bati esker. Ane Odriozolak misterio istorioa itxitzat emango du trilogiaren azken liburuarekin.
Trilogia amaitu duzu.
Lehen liburua idatzi nuenean, Gibolako sekretua, ez nuen hiru idazteko asmorik, amari eskainitako zerbait zelako bakarrik. Baina argitaratu eta gero, irakurleek istorioak jarraipenik izango ote zuen galdetu zidaten, eta hala idatzi nuen. Bigarrena prestatuta utzi nuen hirugarren zatirako, tramaren bukaeran atea oso zabalik utzita eta oraingoarekin, Konspirazioa Gibolan, hari bukaera eman diot.
Nolakoa da Gibolan sortutako konspirazio hori?
Ezin dut asko kontatu. Hiru liburuek Gibolan XX. mende hasieran izandako gertakari bat eta haren ondorioak dituzte oinarrian. Orain, bi garaitan kokatutako istorioa kontatzen dut, eta horietako batean aurreko liburuan airean geratutakoak ixten ditut. Horregatik, lehengo pertsonaiak aurkituko ditu irakurleak, baina baita berriak ere. Hau luzeagoa da, baina ildo beretik doa: misterioa, amodioa…
Guztiaren muina Gibola da. Zer lotura duzu baserri horrekin?
Nire birramona zen hangoa, Joakina Zangitu. Bitxia da, baina liburu hauek idaztearen ondorioz ezagutu dut baserri beretik eta familia beretik datorren jende gehiago, edo jakin izan dut ezagun batzuk ere handik datozela.
Ezaguna egin duzu baserria.
Bai, esan didate jendea non dagoen ikustera joan dela.
Eta zer esan dizute jabeek?
Bertan bizi izandako Zangitutarrak ez ditut ezagutzen, baina oraingo jabeak bai. Markos Madinabeitia zen horietako bat, nire aitona Manuelen laguna, eta hari baimena eskatu nion. Orduan 95 urte zituen, eta lehenengo liburua irakurri behar zuela esan zidan. Irakurritakoan, «emaiozu kurtsoa liburu horri» esan zidan.
Kontatzen duzuna fikzioa da.
Bai. Fikziozko istorioa sortu dut, Gibolan kokatuta, benetan gertatu ez zena. Baina kontatzen ditudan beste gertakari batzuk errealak dira.
Dokumentazio lan handia egin duzu horretarako.
Oraingoan Aztirira joan naiz. Bi istorioetako bat Aztirin gertatzen da, eta auzoa ezagutzeko dokumentatu egin behar izan dut. Legazpiko erdiguneak eta gertakari batzuk ere badute tokia, adibidez, Patrizio Etxeberriaren urrezko ezteiek.
Urte betean idatzi duzu.
Bigarrena iazko otsailerako bukatuta nuen, baina urrira arte itxaron nuen aurkezteko, hilabete hori gustatzen zaidalako aurkezpenetarako. Beraz, urte bete baino gehiago izan da.
Zer du urriak?
Durangoko azoka datorrela, Gabonak datozela… Gainera, iruditzen zait jendeak joera handiagoa duela negu partean irakurtzeko uztailean baino, adibidez.
Durango aipatu duzu.
Orain arte Autoekoizleen plazan egon naiz, baina aurten stand propioa jarriko dut. Hiru liburuak eramango ditut. Urte berezia izango da aurtengoa, ea ondo ateratzen den.
Irakurle faltarik ez duzu izango, ala?
Lehenengo liburuak sei edizio ditu, eta bigarrenak lau. Elkar argitaletxeak banatu izanak asko lagundu dit. E-book formatuan saldutakoak ere gehitu behar dira. Askok irakurri dute, eta hau ere askok irakurtzea espero dut.
Irakurleek zer esaten dizute?
Askok eskerrak eman dizkidate, eta mezu asko bidali dizkidate. Horregatik dakit liburua urrutira iritsi dela, Estatu Batuetara, Argentinara…
Gibolaren ondoren, zer dator?
Lau ideia ditut buruan, oso desberdinak, aukeratu egin behar dut zeinekin jarraitu.
Aurretik Gibolako konspirazioarena aurkeztu beharko duzu.
Bai. Urriaren 19an izango da aurkezpena, Latxartegi aretoan. Book-trailerra emango dugu lehenengo, Josu Altzelaik grabatutakoa, eta liburuaz hitz egin ondoren, dokumental txiki bat ere proiektatuko dugu, liburuak idatzi eta argitaratu arte egindako prozesu guztia azaltzeko. Legazpikoaren ondoren, Zumarragan egingo dut beste aurkezpen bat 21ean, Donostian 26an eta Arrasaten 27an. Liburuak erosteko aukera izango da guztietan.