Onura Publikoa taldeak kontzentrazioak deitu ditu
Urretxun eta Zumarragan udal ordenantzak onartzekoak direla ikusita, uraren kudeaketa publikoaren alde egiteko eskatuko dute.
Hurrengo osoko bilkuretan 2022ko udal ordenantzak onartuko dituzte Urretxun eta Zumarragan. Hori dela eta, Onura Publikoa ekimenak kontzentrazioak deitu ditu uraren kudeaketa publikoaren alde.
Urretxuko osoko bilkura gaur izango da eta Zumarragakoa datorren asteartean. Biak 19:00etan hasiko dira. Kontzentrazioak udaletxeen aurrean izango dira, 18:45etik 19:15era.
Onura Publikokoak Tarifazorik ez lemapean kontzentratuko dira. «Uraren tasen jaitsiera eskatzen dugu, gaur egun tarifazo elektrikoaz gain uraren tarifazoa pairatzen baitugu», azaldu dute.
Azken urteetan uraren tasa asko igo dela salatu dute. «Aquarbek (Urretxun eta Zumarragan ur zerbitzua kudeatzen duen enpresa) kontu auditatuak aurkeztu ez arren, azken urte hauetan tasa igoera ikaragarriak eraman dira aurrera. Horrez gain, beraien kontuak ontzat emanez gero, Zumarragako Udalari eman zion kanona interes eta mozkinekin berreskuratu du herritarron kontura. Aurtengo tasak mantentzeak Aquarberi 275.000 euro oparitzea suposatuko luke Zumarragan. Hau ez dugu guk esaten, kontu-hartzaileak baizik. Eta hau izan da kontratua ez prorrogatzeko arrazoi nagusia. Beraz, jasanezina da egungo tarifikazioa mantentzea. Ez dugu ahaztu behar gainera Gipuzkoako urik garestiena ordaintzen dugula bi herriotan».