Sahar Francisek Jerusalemgo tranbiaren inguruko hitzaldia eskainiko du
Hitzaldia asteartean izango da, 18:30ean, udaletxean. Francis ingelesez arituko da baina euskarara itzuliko dute aldi berean
Sahar Francis giza eskubideen aldeko ekintzaileak eta Addameer elkarteko zuzendariak hitzaldia eskainiko du asteartean, Beasaingo Udaletxean, 18:30ean. Francis ingelesez arituko da baina bere hitzak euskarara ekarriko dituzte zuzeneko itzulpenarekin.
Addameerek Palestinan jazotzen diren giza eskubideen urraketak salatzen ditu. Kasu honetan, Francisek CAF Jerusalemerako eraikitzen ari den tranbiaren inguruan hitz egingo du. Izan ere, tranbiak Israelek Palestinako lurretan eraikitako hainbat kolonia lotuko ditu, naiz eta Nazio Batuen Erakundeak lanak ilegalak direla ebatzi zuen.
Hitzaldia Paz con dignidad Gobernuz Kanpoko Erakundeak antolatu du, BDS mugimenduarekin batera. Azken hauek CAF, jaitsi zaitez Israelen Apartheidaren trenetik kanpaina abiatu zuten duela urte eta erdi.