Azken hamarkadetako gertakariak bildu dituzte Legazpiko memoriaren txostenean
'Memoria partekatu baterantz' dokumentua hilaren 21ean aurkeztuko dute Latxartegin. Udaleko Bizikidetza mahai politikoaren eskariz egin du lana Argituz elkarteak
Legazpin 1956-2021 bitartean izan diren giza eskubideen urraketei eta indarkeria ekintzei buruzko txostenaren aurkezpen publikoa egingo da hilaren 21ean. Memoria partekatu baterantz da txostenaren izenburua, eta Giza Eskubideen alde lan egiten duen Argituz elkarteak egin du udalaren eskariz. Atzo eman zuten aurkezpenaren berri udaleko Bizikidetza mahai politikoa osatzen duten udal ordezkariek.
Bizikidetza mahaia duela bost urte sortu zuten udalean ordezkaritza duten alderdi politikoek. Helburua, «bakearen eta bizikidetzaren arloan hausnarketa eta ahalik eta adostasun zabalena» bilatzea zen, eta testuinguru horretan kokatzen da Memoria partekatu baterantz. EAJko Koldobike Olabidek eta Javier Iraetak, PSE-EEko Oscar Valbuenak, EH Bilduko Edurne Gonzalezek eta Berdeak+Legazpiko independenteak taldeko Alberto Bezunarteak azaldu zuten txostenaren nondik norakoa.
Historia hurbila
Legazpin azken hamarkadetan «gertatutako guztia aitortzeko, zein memoria kolektibo bateratzaile eta partekatuen bidean aurrera egiteko tresna baliagarria» izango da txostena, «gertatutakoa modu kritiko eta autokritikoan aztertzeko, argitu gabeko gertaerak argitzeko, eta egin gabeko errekonozimenduak eta erreparazioak egiteko». Geroko belaunaldientzako tresna bat izateko helburuz ere osatu dute.
Txostenean 16 pertsonen testigantzak jaso dituzte. «Biktimak eta biktimen familiartekoak, udal ordezkari izan direnak eta ekimen sozialekin eta bizikidetza arlokoekin harremana duten hainbat pertsona» daude horien artean, «herriko ideologien ñabardura eta sentsibilitate diferenteak» ordezkatzen dituztenak .«Indarkeriak euren bizikidetzan izan duen eragina» azaldu dute, eta beste 29 pertsonen ekarpenekin batera, «Legazpiko historia hurbilaren argazki ahalik eta osatuena» egin dute.
Etorkizuneko bizikidetza
Liburu gisa kaleratu dute txostena, gaztelaniaz eta euskaraz, eta edukia herritarren artean zabalduko dute. Bizikidetza mahaiak «memoriaren alorreko etorkizuneko udal politiketarako lanabes» gisa erabiliko du gero.
Alderdi politiko guztiek «memoriaren eta adiskidetzearen eraikuntza izango den prozesu luze horren abiapuntutzat» dute txostena, eta «iragana ezagutu eta oraingo zein etorkizuneko bizikidetzaren oinarriak errazteko» ekarpen gisa hartu dute.
Aurkezpena
Memoria partekatu baterantz hilaren 21ean aurkeztuko dute, Latxartegin 19:00etan. Ekitaldian parte hartuko dute Bizikidetza mahaiko kideek, Argituz elkarteko eta txostenaren egileak diren Sabino Ormazabal eta Aintzane Gamizek, Olatz Etxabe eta Sandra Carrasco biktimek, Maitena Salinas kazetariak eta Sustraiak eta Korosti dantza taldeek. Gonbidapenak Kultur Etxean hartu behar dira.