Beasaingo kaleak eta auzoak pigmentu bihurtuko dira
Beasaingo Jendaurreko Margo Sariketaren 30. edizioa jokatuko dute etzi. Goizean arituko dira margotzen eta arratsaldean ikusgai jarriko dituzte
Beasaingo Jendaurreko Margo Sariketa etzi izango da. Parte hartzaileek Beasaingo herria eta auzoak margotu beharko dituzte, urteroko legez. Bost ordu izango dituzte horretarako, gehienez: epaimahaiak mihiseei 09:00etatik aurrera emango diete oniritzia eta 14:30erako entregatu beharko dituzte, Igartzako Jauregian. Parte hartzaileentzako bazkaria izango da Arrano elkartean. Nahi duen edonork har dezake parte.
Arrano Kultur Elkarteak Beasaingo Udalarekin antolatzen duen lehiaketa honen 30. edizioa izango da. Rally formatuko lehiaketarik zaharrenetarikoa da. Xabier Matarranz kultur zinegotziak duen tradizioa balioan jarri behar dela nabarmendu zuen sariketa aurkezterakoan.
Erakusketa
Epaimahaiak 18:30ean jakinaraziko du lan sarituak norenak diren. 2.280 euro banatuko dituzte sarietan. Gazteen eta helduen mailak bereiziko dira, eta beasaindarrik onenaren lana ere sarituko dute.
Helduen eta herriko saria irabazten duten koadroak Beasaingo Udalaren esku geldituko dira. Gainerakoak euren egileei itzuliko zaizkie eta hauek hala nahi badute, saldu egingo dira. Halere, urria amaierara arte Igartzako Jauregian lan guztiak ikusgai egongo dira.