Imanol Lartzabal oroituz hasiko da Udazkeneko Musika Zikloa
'Imanol Jazz' kontzertua egingo dute gaur, Arerian. AEBtako abesbatza bat eta herriko Kantaka ere ariko dira datozen asteetan.
Lazkaon gaur hasiko da Udazkeneko Musika Zikloa. Hiru kontzertuko egitaraua antolatu dute. Lehenbizi, Imanol Lartzabal kantari eta poeta donostiarraren omenezko Imanol Jazz kontzertua eskainiko dute. Areria aretoan, gaur 20:00etan da. Sarrerak, 10 euroan, lazkao.eus webgunearen bitartez eros daitezke aurretik.
Imanol 2004an hil zen, eta harekin ibilitako lau musikari elkartu ziren duela hiru-bat urte, gorazarre egiteko. Bi piano jotzaile Karlos Gimenez beasaindarra eta Iñaki Salvador eta bi abeslari Ainara Ortega eta Petti ariko dira Arerian, Imanolen abesti sorta aukeratu bat jotzen.
Bi koru gero
Musika zikloaren hurrengo kantaldia urriaren 29an da. Missouriko (AEB) Estatu Unibertsitateko koruak abestuko du Lazkaon. Bukaera herriko Kantaka abesbatzak emango dio, azaroaren 13an, Gabriel Faure frantsesaren Requiem ospetsua abestuz.