Presoen eta iheslarien aldeko jarduna laguntzeko jaialdia izango da Ataunen
Pandemia garaian murriztutako diru sarreren falta estali nahian, kontzertu sorta antolatu dute. Kalejirarekin hasiko da jaialdia, eta Ataungo eskolaren kanpoan jarriko dute festa-lekua
Euskal presoen, iheslarien eta deportatuen eskubideen aldeko jarduna babesteko eta laguntzeko, musika jaialdia antolatu dute Ataunen. Bihar arratsaldean izango da, 18:00etatik aurrera, Joxemiel Barandiaran Herri Eskolaren kanpoaldean. Kalejiran joango dira hara, 17:30ean abiatuta, San Martingo plazatik. Koronabirusaren izurrialdian festarik egin eta txosnarik jarri ezin izan denez, diru sarrerak «asko» jaitsi direla ohartarazi dute antolatzaileek. Ataunen, lehen ere hainbat ekitaldi egin dituzte, bertso saioa edo bazkaria, Covid neurrietara egokituta.
Orain, eta behin osasun larrialdiaren mugak kenduta, jaialdi jendetsua egingo da, lehenengo aldiz. Osasun segurtasun batzuk bete beharko dira, hala ere: musukoa jantzita egon beharko da, eta sarrerak eta irteerak bereizita jarri dituzte. Unidad Alavesa musika talde ataundarra izango da jaialdiko izarra. Azkena joko dute. Bergarako Añube taldeak irekiko du jaialdia; Egoitz Goikotxea ataundarra da bateria jotzailea, eta Iruñean disko bat grabatu berriak dira. Bigarren taldea Brigade Loco gipuzkoarra da. Tarteetan, Baliño ataundarrak egingo ditu DJ lanak.
Jaialdi jendetsua izango da. Lehen unean, legeak baimendutako 500 sarrerak jarri zituzten salgai; egunean bertan agortu ziren. Beste 350 sarrera atera dituzte, eta tabernetan eros daitezke (15 euro). Hala eta guztiz ere, bihar bertan jaialdiko atarian jartzeko beste 150 sarrera badituzte, aurrekoak agortuko balira.
Jan-edana ere bertan
Musika kontzertuen aurretik, euskal preso, iheslari eta deportatuen gaur egungo egoera orokorrean zein den azalduko dute, hitzaldi labur batekin.
Bestetik, festa-lekuan bertan txosna jarriko dute, eta jatekoa Ataungo talogileek eskainiko dute. Paella handiak ere egingo dituzte. Bertan jan ahal izateko, 200 bat lagunentzat mahaiak muntatuko dituzte.
Hasiera batean Auzoeta kiroldegian egiteko asmoa bazuten ere, eta eguraldi ona egingo duela iragarrita dagoenez, kanpoan egingo dute jaialdia, agertoki handia jarrita. Covid edukierak eta murrizpen gehienak kentzeak ere ahalbidetu dute hasieran kontzertu zena jaialdi bihurtzen.
EGITARAUA
Bihar, larunbata
· 17:30. Kalejira, San Martingo plazatik eskolara.
· 18:00. Hitzaldia, preso, iheslari eta deportatuen egoerari buruz.
· 18:15. Añube taldea.
· 20:00.Brigade Loco taldea.
· 22:00.Unidad Alavesa taldea. Tarteetan rock musika DJa.Sarrera. 15 euro. Ataunen (Troskaeta, Urbieta, Sutegi), Lazkaon (Antsoategi, Giroa), Beasainen (Arrano) eta Ordizian (Herrikoa) salgai. Bihar atarian ere bai.