Zegama-Aizkorri mendi duatloia jokatuko da bihar, banaka edo erreleboka
Gehienez 150 inskripzio izango dira. Banaka edo errelebotan bikoteka egiteko aukera dago. Dortsalak Jabier Otaegi Kultur Etxean hartuko dituzte parte hartzaileek, 13:30etik 14:45era
Zegama-Aizkorri mendi duatloia jokatuko da bihar, Elkartu Nahi Txirrindulari Elkarteak antolatuta. Euskal Herriko mendi duatloi zirkuituko bosgarren proba izango da, eta Goierrin jokatuko den bigarrena eta azkena. Igartzakoa irailean jokatu zen, eta Arriarangoa, berriz, bertan behera geratu da aurten. Biharko Zegama-Aizkorri mendi duatloirako 150 dortsal daude eskuragarri, eta oraingoz 52 lagunek eman dute izena. Lasterketan makila erabiltzea debekatuta egongo da.
Bi aukera daude, banaka zein binaka egin baitaiteke proba. Irteera ordua 15:30ean izango da banaka egingo dutenentzat, eta 15:35ean, berriz, bikoteak irtengo dira. Lehenengo sektorea, bizikletan, 9,4 kilometro eta 723 metro desnibel positibokoa izango da, bigarren sektorea, korrika, 5,4 kilometro eta 558 metro desnibel positibokoa, eta hirugarrena, bizikletan, 10,5 kilometro eta 723 metro desnibel negatibokoa. Lehenengo sektoreko denbora muga ordubete eta erdikoa izango da.
Dortsalak Jabier Otaegi Kultur Etxean hartu beharko dituzte lasterkariek, 13:30etik 14:45era, eta inskripzioa egiteko aukera ere izango da. Gunean bertan partaide bakoitzak behar duen materiala jasoko dute antolatzaileek, ondoren trantsizio gunera eramateko. Bikoteka egin behar dutenak haien kabuz joango dira trantsizio gunera.
Zegamatik San Adrianera igo eta bertatik Aizkorri aldera abiatuko dira lehiakideak, Zegama-Aizkorriko ibilbide beretik. Aizkorriko puntan, ermitari buelta eman beharko diote. Berriro Zegamara itzuli eta herrigunean amaituko da lasterketa.