Biziola eskualdeko proiektua aurkeztu dute Beasainen
Goierri guztiko ehun bat pertsona bildu dira Igartza jauregian egin den topaketan. Familia argazki batekin eman diote amaiera goizeko jardunari.
Biziola sarea Goierriko modelo ekonomikoa aldatzeko helburuarekin sortu da. Eskualdeko ekonomia sozial eraldatzaileko kooperatibak, sindikatuak, eragile sozialak eta herritarrak batu nahi ditu sareak. Horren adibide izan da gaur goizeko ekitaldia, hitzetatik ekintzetara salto egiteko espazioa ahalbideratu dute, eta hausnarketan baino proiektuetan zentratzeko unea izan da. Eskualde guztiko ehun bat pertsonek hartu dute parte gaur goizean, 10:00etatik 13:00etara Beasaingo Igartza jauregian egin den jardunaldian.
Goierri burujabeago bat lortzea da helburua, “demokratikoagoa bizitzaren esparru guztietan”, esan dute Biziolako kideek. Ekonomia eta bizitza “bertokiratu” nahi dituzte, horretarako funtsezkoak diren beharrak “ahalik eta gertuen asetzeko tresnak” sortuz. Horretarako lau lan lerro aurkeztu dituzte:
1.- Dagoeneko martxan dauden proiektu eraldatzaileen bisibilizazioa eta zabalkundea egitea, “identitate eta kultura eraldatzaile berri bat” eraikitzeko.
2.- Interkooperazioa eta lankidetza. Proiektuen arteko aliantzak josi eta horrela “eskala handiagoko proiektuei” heltzeko.
3.- Trebakuntza eta heziketa. Gauzak “beste modu batera ere egin daitezkeela ikasi egiten” delako.
4.- Aukera berriak eraikitzea. Egunerokotasun eraldatzaileak sortzeko “alternatibak eraikitzea beharrezkoa delako. Alternatibak kulturan, elikaduran, finantzetan, zaintzan, teknologian, industrian, garraioan…”.
Bide guzti hau “eskualde gisa” egitean jarri dute azpimarra, baina Goierritik haratago zabaltzeko garrantziaz ere aritu dira, “inguruko bailaretan, Euskal Herrian zehar eta Euskal Herritik kanpo ekonomia sozial eraldatzailean garatzen ari diren proiektuekin” elkarlana bultzatuz.